Gipuzkoako Bazkundearen datuak argitaratu dira gaur, eta horien arabera, martxoan eta apirilean salmentek hobera egin dute urtarrilaren eta otsailaren aldean. Hala, inkestatutako hamar merkataritik lauk esan dute balio handiagoko salmentak egin dituztela; %20ek, urte hasieran adina saldu dutela; eta %37,8ek, gutxiago irabazi dutela.
Dena dela, oraindik krisiak jarraitu egiten du eta igarri egiten da. Horregatik, merkatariak egonkortasunaren bila joango dira oraingo beherapen sasoian.
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, irailaren 30era arte iraungo du beherapen sasoi ofizialak, eta Nafarroan, abuztuaren 31ra arte.
Eskubide berberak
Erosleak ohiko eskubideak ditu beherapen sasoian ere: besteak beste, komertzioak urte osoan onartzen dituen ordainketa eta artikuluen itzulpen bideak onartu behar ditu; beherapena duten artikuluak besteetatik aparte egon behar dira eta argi adierazi behar da beheratuta daudela; etiketan garbi adierazi behar da beheratu aurreko salneurria eta beheratutakoa; eta beheratutako produktuen kalitatea ohikoa izan behar da (hau da, ezin dute beherapen gisa eskaini defekturen bat duen produktu bat).
Argibide gehiago, Merkataritza Sailaren webgunean eta Eroski Consumerren.