Hiru debagoiendarrak, bai Diputatu nagusi Martin Garitano eta baita Larraitz Ugarte eta Ander Rodriguez ere, Goienaren ohiko kolaboratzaileak dira. Iritzi artikuluak idazten edo Goiena telebistako Tertulia saioan parte hartzen dute. Garitano eta Rodriguez batzarkideak ere badira, joan zen eguenean osatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Bihar egingo dute Gipuzkoako foru gobernu berriaren aurkezpena, 11:30ean Donostiako Gipuzko plazan, foru aldundiaren egoitzan. Ekitaldi xumea izango dela aurreratu dute. Besteak beste, ohiko argazki ofiziala egingo dute foru alndundiaren jauregiko eskaileratan.
Sailetako zuzendarien izenak ondorengo egunetan ezagutuko ditugu.
Bi diputatu debagoiendarren profilak
Larraitz Ugarte
- 1976an Oñatin jaioa.
- Zuzenbidean Doktoratua.
- Kriminologian Goi Diplomatua.
- Soziologia Juridikoan Masterra.
- Familia bitartekaritzan diplomatua.
- EHUko irakaslea Zuzenbide Fakultatean eta Donostiako Enpresa Zientzien unibertsitate eskolan.
- Publikazio eta ponentzia askoren egilea.
- Ingelesez daki.
Ander Rodriguez
- Arrasate, 1982.
- Historiako ikasketak (Garaikidea eta Ekonomikoa).
- Alternatibako kidea, osatu zenetik.
- 2003-2007: Arrasateko EBko zinegotzia. Garapen Estrategikoko Udal Batzordeko arduraduna.
- 2007-2011: Arrasateko EBko zinegotzia. Bozeramailea eta bigarren alkate-ordea. Ongizateko Udal Batzorde eta Parte-hartze Udal Batzordearen arduraduna.
- 2011: Bilduko batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta bozeramailea.
Gainerako diputatuak
- Ikerne Badiola Gartziandia (Zumarraga, 1971): Gazteria, Kultura eta Kirol diputatua.
- Juan Carlos Alduntzin Juanena (1962an, Donostian jaioa): Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua.
- Helena Franco Ibartzabal (Getxo, 1967): Ogasun eta Finantza diputatua.
- Jon Uriguen Ansola (Elgoibar, 1968): Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatua. Antzuolako Elay enpresako langilea. Erosketen alorrean.
- Garbiñe Errekondo Salsamendi (1962an jaioa, 48 urte): Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko diputatua.
EAko bi eta Alternatibako bat
Bost abertzale eta ezkerreko independentez, EAko biz (Badiola eta Uriguen) eta Alternatibako balkarraz (Rodriguez) osatutako Diputazioa izango da. Bost emakume eta bost gizonezko. Guztiak euskaradunak. Garitano Diputatu nagusiak aurreratu duenez, Diputazioen kontseiluko batzar guztiak euskaraz egingo dira. Hori ez da inoiz gertatu orain arte izan diren foru aldundietan.
Garitano: Herritarren parte-hartzea eta Euskara
Martin Garitanok bere gain hartu du zuzenean Herritarren parte hartzea eta Euskara saila. Eta bere ardurapean izango ditu lau zuzendaritza: Berdintasuna, Parte-hartzea, Euskara eta Migrazioa.
Diputatu nagusiaren kabinete-buru
Azpeitiko alkate ohia, Iñaki Errazkin (Azpeitia, 36 urte) izango da Martin Garitanoren kabineteko burua. Errazkinek (EAE-ANV) alkatetza lortu zuen 2007an Azpeitian, EA eta Aralarren botoekin, EAJ izan zen arren zerrendarik bozkatuena. ETAk Inaxio Uria enpresa burua hil zuenean, zentsura mozioa jarri eta alkatetzatik kendu zuten eta Julian Eizmendik (EAJ) hartu zuen alkatetza. Maiatzaren 22ko azken Udal hauteskundeetan Bildu izan zen garaile Azpeitian. Eneko Etxeberria da alkatea.
Batzar Nagusiak zapatuan
Zapatuan, justu, Azpeitian egingo da Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko bilkura berezia. Diputatu nagusia aukeratzeko egindakoaren osteko lehena izago da.
Aralarrek ez
Aralarrek atzo aurreratu zuenez, ez du diputazioko gobernuan parte hartuko. Hala ere, Diputatu nagusiaren kabineteak adierazi du bere "eskuetan dagoen guztia" egiten jarraituko duela bai Aralarrekin bai gainontzeko indar politikoekin akordioetara iristeko.
Aralarrek, berriz, esan du oposiziotik jarraituko duela bere programa politikoa defenditzen, "eskuak aske, oposizio eraikitzailea eginez eta bakea atzeraezina izan dadin, gure herriaren erabakitzeko eskubidearen alde, eta politika publikoek ezkerrera egin dezaten lanean".