Murrizketaren berri ematen zuten pegatina berezietan 230.000 euro gastatu zituen Espainiako Gobernuak, eta beste hainbeste gastatu beharko du muga berria adierazten duten pegatinetan, aurrekoak ezin baitira kendu.
Espainiako Gobernuak esan du abiadura muga berriz handitzea erabaki duela "jendartearen sentitzeko moduari" kasu egiteko. Bestalde, betetzat jo du ezarri zuen aurrezpen helburua. Alfredo Perez Rubalcaba Barne Ministroak gaineratu zuenez, bere iritziz gidariak "polikiago joango" dira, abiadura muga bata edo bestea izan.
Iritzi kontrajarriak
Denetariko erreakzioak eragin ditu erabaki horrek. Hala, RACE edo ANFAC (automobil-ekoizleak) bezalako elkarteek pozik hartu dute Espainiako Gobernuaren erabakia, eta esan dute lortu den aurrezpena krisiak eragindako zirkulazio txikiagoari zor zaiola.
Aurka agertu dira errepide istripuen biktimen elkarteak eta elkarte ekologistak. Stop Accidentes edo Espainiako Istripuen Biktimen Elkarteak, adibidez, esan dute "abiadura txikiagoarekin beti istripu gutxiago izaten" direla, eta horrek, hildako eta zauritu gutxiagoz gain, osasun gastu txikiagoa dakarrela.
Ekologistak Martxan elkarteak esan duenez, "ez dago inongo arrazoirik" 110 km/h-ko muga kentzeko, hilkortasuna txikitzeaz gain, CO2 isurketak eta energia-gastua txikitu direlako.