Leire Olaberria: "Izatekotan, bere lana maite duen pertsonaren eredua naiz"

Txomin Madina Milikua 2011ko ekainaren 30a

 Ikaztegietarrak txirrindularitzagatik aldatu zuen atletismoa eta badirudi asmatu zuela: horren adibide, besteak beste, Joko Olinpikoetan lortutako brontzezko domina.

1. Atletismoan arrakastatsu ibili arren, txirrindularitzara salto egin zenuen. Erronkak gustuko?
Agian ilusio falta. Atletismoan gauzak ez ziren nahi bezala joan, zerbait berria egin gura nuen eta inguruan Belodromoa nuenez... Hasieran beldurra eman zidan eta horri buelta eman behar niola erabaki nuen; lehiatzeko asmorik ere ez neukan.

2. Zein zapore du brontzezko domina olinpiko batek?
Oso gozoa. Txirrindularitzara bide luzea egin ostean heldu nintzen; Joko Olinpikoak alde batera utzitako ametsa ziren. Eta momentu garratz askoren ostean  etorritako lorpena izan zen.

3. Londresen, urrearen bila?
Londresera, txirrindulari hobea, osoagoa izanda helduko naiz. Proba aldatu dute, niretzat egokia da eta uste dut dominen borrokan egongo naizela, baina ezin duzu ezer ziurtzat eman.

4. Egunean zenbat ordu ematen dituzu bizikleta gainean?
Egun errepidean ari naiz lanean, eta hiruzpalau orduko entrenamentuak dira. Pistan, lehiaketa  garrantzitsua badut, gehiago.

5. Hainbeste diziplinarekin, zein izan da azken zorakeria?
Ez dakit, ez naiz asko ateratzen bidetik. Atletismoan ikasitakoak dira diziplina eta zorroztasuna, goi mailan aritzeko, ezinbestekoak.

6.  Pista bati bueltaka aritzea, ez al da monotonoa?
Pistan ez duzu pentsatzen bueltaka zabiltzanik. Lan espezifikoa da eta sei proba prestatu behar dituzunean, ez dago aspertzerik: egunero dago lan ezberdina.

7. Txirrindularitzaren fama txarra: merezitakoa ala injustua?
Oso konplexua da. Gogorregia egiten zait ikustea nola tratatzen duten kirol hau jendeak eta komunikabideek. Nire kirola maite dut eta asko sufritzen dut horrelako gaiekin; azpimarratzeko balore asko ditu txirrindularitzak, sakrifizioa esaterako.

8. Sentitu al duzu inoiz zeure burua eredu?
Ez; eredu izatekotan, bere lana benetan maite duen pertsonaren eredua naiz. Hori da bizitzako arrakastarik handiena eta gaztetxoekin berba egiten, hori transmititzea gustatzen zait.

9. Nola imajinatzen duzu txirrindularitzari agur esateko eguna?
Ez diot agurrari datarik jarri. Berandu iritsi naiz, eta oraindik momenturik onenean ikusten naiz. Ilusioa mantendu bitartean, hemen dago nire lekua; momentua bizitzea gustatzen zait.

10. Turismo ikasketak dituzu. Saldu iezaguzu Ikaztegieta.
Herri txikia da eta gauza asko falta arren, jende xumea dago, jatorra, ezer behar baduzu laguntzeko prest dagoena.

--------------------------

Lehendakaria banintz: "Ez dut batere bokaziorik politikarako; nire bokazioa kirola da. Uste dut gaur egun errazegia dela politikoak kritikatzea eta ez naiz gai ikusten inork egiten duena kritikatzeko. Politikoentzat uzten dut politika, ni kirolean geratzen naiz. Txirrindularitzaren alde inon lan egin bada, Euskal Herrian izan da hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak