Donostia 2016: poza etxean, haserrea eta mina hautagaitzetako askotan

Jon Berezibar 2011ko ekainaren 29a

Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburu izendatzeko erabakiak inor gutxi utzi du epel Espainian. Twitterren, dagoeneko, #tongazo2016 etiketarekin hasi dira sumintzen. Espainiako hedabide eskuinekoenek, bestalde, erabakiaren atzean ETA dagoela uste dute. Epaimahaiak azalpen txostena kaleratu artean, polemikaren suziria albistea zabaldu bezain laster iziotu dute askok. Erreakzioetako batzuk jarraian.

ETArekin tematu da La Razón, hura ezkutatzen dela izendapenaren atzean baina baita ere ohiko erretxintze politikoak eta, ohi moduan, euskara ekaitzaren erdian.

Euskara, arazo

Bilduk eskuratutako alkatetzan begirada guztiak ipinita, erabakiaren arrazoiak alde batera utzi eta nahiago izan dute azpimarratzea "euskal gatazkaz" hitz egiten dela, "terrorismoaz barik" eta Bildukoentzat hizkuntza bakarra dagoela, euskara. Arriskua ikusten dute, adibidez, Euskadiko popularrek, Borja Semperrek azaldu moduan "Bildukoek izendapenaren interpretazio sui generis bat egin baitezakete eta guztia alferrik galdu", "soflama politikoekin guztia kutsatuz". Bilduk euskara programaren ardatz moduan ezartzea kritikatzen dute gehien La Razón-en.

"Kirtenkeria hutsa"

Adierazpenik beligeranteenak Zaragozako alkateak epaia jakin bezain laster eginikoak izan ziren, "akatsa" eta, are gehiago, "kirtenkeria hutsa" izan dela esanez. Juan Alberto Bellochek argi eta garbi esan zuen erabakiaren bezperetan "sei hautagaietatik gutxien gustatzen" zitzaiona Donostia zela "Bilduko alkatea daukalako".

Beste edozein hirik irabaziko balu "Zaragozak eskura dituen baliabide guztiak hiri horren eskura ipiniko" lituzkeela ere erantsi du, baina ez, antza, Donostiarentzat. Bellochek, oro har, arrazoi politikoak medio irabazi izanaren justifikazioarekin egiten du bat eta dagoeneko esan du kontra egingo duela eta gaur bertan omen da gainontzeko hautagaitzekin biltzekoa, elkarrekin inpugnazioa aurkezteko.

Kordoban minduen

Haserrea batetik, eta baita ere, bestetik, "mina". Horixe sentitzen du behintzat Rosa Aguilar Kordobako alkate ohiak eta egun Ingurumen Ministroa denak, "bihotza txikituta eta ariman min" dauka. Erabakia "akats ikaragarri" moduan ikusten du hark. Elkarbizitzak eta kulturak zerikusi gutxi dutelakoan daude Estatuko gainontzeko hautagaien ordezkari moduan hitz egin dutenek nahiz eta epaimahaiak berretsi egin duen Donostiako proposamenak "hunkitu" egin zituela.

"Ezustea, mina eta etsipena" dira Cordobatik entzuten diren hitzak. Politikak kulturak baino pisu handiagoa izan duela errepikatzen dute, nekagaitz, azalduz “erabaki tekniko bat izan behar zuenak, egitasmo kulturalekin, Europa mailako garrantzia kontuan hartuta eta batasun kolektiboarekin batera, amaitu duela izaten politika mailako epai bat. "Batasunak eta  ETAren aldeko den Bilduk" gobernatutako udal batek irabaztea ezin dute ulertu, kasurik muturrekoenetan.

Hitz epel gutxirekin ibili dira Espainiako politikariak eta zalantza gutxi egin dute epaia arbuiatzeko orduan. Gaztela eta Leongo presidenteak onartu du "agian inozoegiak" izan direla Donostiako hautagaitza lehen unetik alboratzeagatik, "gertatzen dabiltzan beste gauza batzuk ikusita". Izan ere, Kordoba zen faborito nagusia eta Rosa Aguilarrek etengabe errepikatu du hiri horrek merezi zuela eta ez beste edozeinek. Hala eta guztiz ere, Bai Juan Vicente Herrera presidenteak zein Segoviako alkate Pedro Arahuetesek, zoriondu egin dute irabazlea.

Sare sozialetan ere eztabaida sutan da eta askok dagoeneko askatu dute irudimena eta twitterren dagoeneko #tongazo2016 etiketa boladan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak