Urtarriletik maiatzera bitartean 8.044 langile sartu dira EREetan, eta 601 espediente erregistratu dira, 2010. urtean baino %39 gutxiago.
Sonia Pérez Laneko sailburuordea Legebiltzarraren aurrean agertu zen atzo, Euskadiko Administrazioak ebazten dituen enplegu-erregulazioko espedienteen egoeraren berri emateko. 2010eko urrian izan zuen azken agerralditik bai espedienteen kopuruak bai horietan dauden langileenak izan duten murrizketa azpimarratu zuen Pérezek.
2011ko urtarriletik maiatzera baimendutako espedienteak 601 izan dira, 2010. urteko epe berean baino % 39 gutxiago, eta 2009. urteko epe berean baino %46 gutxiago.
Murrizketa are handiagoa izan da langileen kasuan; izan ere, 8.044 langile sartu baitira espediente horietan, 2010. urtean baino %51 gutxiago, eta 2009an baino %77 gutxiago.
Horrela, maiatzaren amaieran 16.139 langile zeuden enplegu-erregulazioan euskal enpresetan; eta hori 2009ko urtarriletik hona izandako kopuru txikiena da.
Industrian susperraldia
Enplegu-erregulazioko espedienteen eta horietan dauden langileen kopuruek duten beherazko joera horrek agerian uzten du, Enplegu Sailaren iritziz, "industria-jarduera izaten ari den nolabaiteko susperraldia, eta enpresetan konfiantza berreskuratzen ari dela".
Sailburuordeak espedienteen adostasun-maila handia azpimarratu zuen; izan ere, horrek agerian uzten baitu "enpresaburuen eta langileen konpromisoa eta ardura" barne-malgutasuneko konponbideak bilatu eta adosteko, kaleratzeen alternatiba gisa.
Horren ildotik, Gizarte Planen edukia aberasteko eta horien negoziazioan langileen partaidetza aktiboa sustatzeko beharra dagoela nabarmendu zuen, plan horietan behar diren neurriak jaso daitezen; alde batetik, espedienteen ondorioak leuntzeko (besteak beste, langileak beste lanpostu batzuetan
jartzeko eta prestakuntza emateko neurriak), eta, bestetik, enpresaren jarraikortasuna eta bideragarritasuna ahalbidetzeko, barne-malgutasunaren bidez, berregituratze-planen ondorioen garrantzia murrizte aldera.