Gainera, beroaren ondorioz, trumoi-lainoak garatuz joango dira eta iluntzerako lehertu egin daitezke hainbat puntutan.
Baina lasai, ze bihar martitzena, fronte ahul bat iritsiko zaigu eta termometroak 20-25 º-ren artean geldituko dira arratsaldeko lehen orduetan. Goizaldean trumoiak jo dezake han-hemenka eta ondoren frontea iristearekin batera, itsasaldetik hodeiak sartuz joango dira eta euri txikia utziko dute.
Hala ere, hori guztia bihartik aurrera izango da. Momentuz tenperatura altuak direla eta Herrizaingo Sailak alerta laranja mantendu du.
Aurreikuspenak bete egin dira eta EAEn bero handia izan da nonahi; 20 udalerritan termometroek 40 º-ak gainditu dituzte. Domeka, esate baterako, azken hamarkadako egunik beroenetakoa izan dela kontuan izanda Euskalmetek zenbait gomendio eman ditu bero handiari aurre egiteko. Horien artean, ahal den neurrian kalera ez ateratzea eta eguzkitan ez jartzea. Likidoak sarri edatea ere komeni da.
Eguerdi aldera kanpoan ariketa fisikorik ez egiteko ere aholkatzen dute. Jatekoari dagokionez, otordu arinak eta maiz egitea gomendatzen dute, ur, gatz mineral, fruta eta barazki ugarirekin.