Debagoieneko euskaltegietako ateek zabalik jarraituko dute udan, abuztuan bakarrik atseden hartuta. Bailaran bost euskaltegi dauzkagu –Arrasate, Leintz, Bergara eta Oñatiko udal euskaltegiak eta Erdu-AEK, Arrasaten– eta horietan izena emateko aukera zabalik dago.
Batik bat, EGAren azterketarako eskolak jaso nahian jotzen du jendeak uztailean euskaltegietara. Euskaltegi gehienek jendeak eskatzen duenaren araberako eskolak ematen dituzte; horrenbestez, oraingoz EGA eskolak dauzkate antolatuta.
EGA azterketa prestatzera
Bi zatitan egingo dute ikastaroa: zati bat uztailean eta bestea irailean. EGAko atari-proba irailaren 17an izango da. Horregatik, ikastaro trinkoak egingo dituzte euskaltegi guztiotan. Arrasateko Udal Euskaltegiko Izaskun Unda idazkariaren esanetan, "batik bat, gaztetxoak" joango dira ikastera, baina baita langile batzuk ere. "Uztailean lau ordu emango ditugu, eta irailean, bi. Azterketarako prestatzera etortzen dira, eta oso motibatuta egoten dira", gaineratzen du. Udal Euskaltegian, datorren astelehenean hasiko dira eskolak. Han dagoeneko itxi dute matrikulazio epea.
Bergarako Udal Euskaltegian, oraindik aste osoan, egubakoitzera arte, egin daiteke udako matrikula, eta han ere, uztailean lau ordu eta irailean bi emango dituzte egunero; denetara, 100 ordu inguru. Uztailean, bost langile ibiliko dira euskaltegian.
Leintz Udal Euskaltegian, Aretxabaletan, esan dute oraindik jendea izena ematen dabilela, eta gehienek EGA eskolak eskatu dituztela. Udan, "gaztetxoak, Batxilergoa bukatu dutenek edo 20 urte ingurukoak" dira ikasle gehienak, euskaltegiko arduradunek dioskutenez. Han, uztailean hiru ordu emango dituzte egunero, goizez, eta irailean, bi, arratsaldez.
Euskaltegietan normalean egiten duten moduan, jendeak izena ematen badu eta eskaera jakin baterako gutxieneko taldea sortzen bada, eskolak antolatuko dituzte Leintz Udal Euskaltegian. Orokorrean, zortzi lagun behar izaten dira taldea osatzeko.
Dena dela, matrikula epeak berez zehaztuta egon arren, edozein unetan jo dezakete euskaltegira interesatuek.
Oñatin, taldea osatu guran
Oñatiko Udal Euskaltegian oraindik ez dute EGA taldea osatzerik lortu, eta azterketa prestatu gura dutenei dei egiten diete animatu daitezen. Ekainaren 27tik uztailaren 15era eta irailaren 1etik 7ra emango dituzte klaseak, 09:00-13:30 ordutegian. 80 ordu izango dira, eta matrikularen prezioa, 108,5 euro. Talde ofiziala izateko zortzi lagun behar dituzte.
Osatuta dagoen taldea da Udalak bideratutako gazte etorkinena: 14 bat lagun, 14 eta 16 urte artekoak eta Oñatin eskolarizatuta, baina euskara errefortzua behar dutenak; herrian euskaraz autonomia txikiena dutenak, alegia.
Oinez edo bizikletaz
AEK euskaltegiek bi motatako eskaintza dute udan: batetik, euskaltegietan eskolak. Arrasateko Erdu-AEK euskaltegian EGA eskolak emango dituzte, uztailaren 4tik 21era eta irailaren 5etik 15era, eta bi aukera daude: astelehenetik eguenera 09:30etik 11:30era, edo astelehenetik eguenera 19:00etatik 21:00etara. Matrikulazio epea etzi, eguaztena, bukatuko da, eta matrikula 65 euro da.
Oso bestelakoa da udako beste eskaintza: barnetegi ibiltaria bizikletaz (11. urtez antolatzen da) edo oinez (2. urtez). AEK-k antolatu arren, denondako zabalik dago. Baldintza bakarrarekin: "16 egunean euskaraz bizi nahi izatea", AEK-ko informazio arduradun Asier Arroitaren esanetan.
Izena emateko, oinezkoan behintzat, lehenbailehen ibili behar da, epea eguenean, hilak 23, bukatzen da-eta. Bizikletako barnetegian parte hartu gura dutenek, berriz, uztailaren 23ra arte dute aukera. Horretarako, 630 03 05 68 telefono zenbakira deitu edo ibiltaria@aek.org helbidera mezua bidali behar da.
Bizikletazko barnetegia Urduñatik abiatuko da eta Zarautzen bukatuko da, Gorbeia aldea, Arabako lautada, Urbasa, Handia, Ultzamako herriak, Erronkari harana, Otsagi, Irati eta Aralar bezalako paraje ederretatik pasatu ondoren. Oinezkoa uztailaren 2an Urduña ingurutik abiatuko da eta, Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aralar eta bestelako mendigune ederretatik pasatu ondoren, uztailaren 17an Nafarroako Hiru Erregeen Mahaiko tontorrera ailegatuko dira.
Hortaz, euskara, mendia, uda eta kirola bateratzen dira. Horregatik, antolatzaileek "gomendatu" egiten dute bizikletaz edo oinez ibili izana, nahiz eta, Asier Arroitaren hitzetan, "martxa oso lasaia" izango den batean zein bestean.
Prezioaren barruan sartzen dira laguntza-furgoneta (trasteak eramateko eta zati batzuk egiteko), lo egiteko lekuak, jatorduak eta ibilbideari buruzko informazio guztia. "Norberak ohiko gauza batzuk besterik ez ditu eraman behar: lo-zakua, arropa batzuk, zerria (esterilla)…".
Hasiberriak zein peto-petoak
Deialdia irekia denez, euskaraz bizi nahi duten guztiok dute lekua barnetegi horietan: "Gurekin etortzen dira erdaldunak, ikasle hasiberriak, euskalduntze-prozesuan euskaldun zaharrak direnak baina sakondu nahi dutenak, edo beste barik udan mendia eta euskara uztartu nahi dituztenak", esaten du AEK-ko informazio sistemen arduradunak.
Euskaraz batzuk hobeto eta beste batzuk ez hain ondo moldatzeak ere ez du arazorik sortzen, Arroitak azaltzen duen moduan: "Elkarri laguntzen diote; gainera, furgoneta-gidaria irakaslea izaten da, eta egunean zehar beste bi irakasle doaz ikasleekin, zalantzak argitzeko. Beste euskaltegi batzuetako irakasleak ere etorri izan dira. Euskararen mesedetarako baldin bada, hor ibiliko gara guztiok".
Euskal Herriko txoko ederrenetariko batzuk ezagutzeaz gain, bertako euskal hiztunak eta euren berba ezagutzeko parada izango dute barnetegikoek: "Bizikletazko barnetegian zazpi herrialdeetatik ibiliko gara, eta oinezkokoan, hirutik; hortaz, hainbat euskalki ezagutzeko aukera izango da", esaten du AEK-ko ordezkariak. Ikasteko nahikoa aukera ez dute izango, baina gutxienez lehenengo harreman bat egin ahal izango dute.
Azkenik, kultura ekintza batzuk ere antolatu dituzte: "Normalean, arratsaldeko seiak edo zazpiak aldera dutxatuta eta atseden hartzeko moduan izango gara, eta zenbait ekintza egin ahal izango ditugu: adibidez, Enkarterrietako Jokin Castaños bertsolariarekin bertso-afaria egingo dugu. Bestalde, ikasleek eurek antolatu dituzte zenbait ekintza: batek askotariko txorien izenak eta kantuak ezagutzeko ikastaro teoriko-praktikoa emango digu; beste batek, belarrak eta zuhaitzak ezagutzekoa; berbalagun batzuek laztanen ikastaro bat proposatu dute…", esaten du Asier Arroitak.
Barnetegia Arantzazun
Horrez gain, Habek antolatutako barnetegietan hainbat lagun izango dira aurten ere; bitxikeria gisa, barnetegietako bat Arantzazun izango da, eta bost txanda izango dira.
Bestetik, 30 bat lagunek euren euskara hobetuko dute Egonaldiak familia euskaldunetan delako programarekin. Euskal Herri osoko ikasleek eta familiak parte hartzen dute; aurten, 15 familiak. Programa horretan, inoiz izan dira Debagoieneko familiak.