Ezustekorik ezean, Martin Garitano bergararra izango da Gipuzkoako ahaldun nagusi berria. Izan ere, hautagaia aurkeztuko duten lau taldeek aurreratu dute eurenei emango diotela botoa. Eta Bildukoa izan zen hautagairik bozkatuena eta batzarkide gehien lortu zituena maiatzaren 22ko hauteskundeetan. 22 batzarkide lortu zituen, hain justu ere. EAJren hautagaiak, Markel Olanok, 14 lortu zituen. PSE-EEk 10 eta PPk 4. Bestalde, Aralarrek aurreratu du Bilduri emango diola bere boto bakarra. Hala, Bilduk, gutxienez, 23 boto lortuko ditu biharko saioan.
"Fronterik" ez
Hauteskundeen biharamunean asko egin zen berba itunen inguruan. Popularrek eta sozialistek behin eta berriro eskatu diote EAJri elkarrekin ituna egitea Bilduren eskuetan Diputazioa uztea galarazteko. Baina, EAJk garbi utzi du ez duela inoren aurkako "fronterik" egingo. Horregatik, denek aurreikusten dute Bildukoa izango dela hurrengo Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Gutxiengoan
Edozelan ere, Bilduk gutxiengoan gobernatuko du Diputazioan. Garitano prest agertu da jeltzaleekin eta sozialistekin unean uneko akordioak egiteko. Sozialistengandik hurbilago daude arlo sozialean eta jeltzaleengandik abertzaletasunean. Era berean, aurreratu du bakeari eta normalizazio politikoari bultzada eman nahi diela erakundeetatik.
Aralarrek Bilduri
Aralarrek aurreratu du Bilduri babesa emango diola bai biharko osokoan eta baita agintaldi osoan ere. Halere, argitu du, Bilduk ez diola Diputazioko gobernuan sartzeko proposamen zehatzik egin. Hala jakinarazi zuen atzo Goiena telebistan Rebeka Ubera elgetarrak, Aralarren batzarkide bakarrak.
Bilduk lurraldeko erakundean ez ezik, Gipuzkoako udal gehienetan gobernatuko du hurrengo lau urteotan, baita hiriburuan ere. Batzar Nagusietako mahaiko presidentea ere Bildukoa izango da: Lohitzune Txarola.