Emakumeek postu baxuagoak, lan-baldintza txarragoak eta kontratu prekarioagoak dituzte

Leire Kortabarria 2011ko ekainaren 22a

Gipuzkoako enpresetan, kontratuak egiterakoan eta zuzendaritza postuak aukeratzerakoan, emakumeak oraindik kaltetuak dira, orokorrean. Horrela azpimarratzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak sustaturiko eta ADEGIren laguntzarekin eginiko berdintasunaren inguruko diagnosi batek.

Emakume gutxiago ailegatzen dira zuzendaritzara postuetara gizonezkoak baino, eta emakumeek kontratazio prekarioagoak izaten dituzte gizonezkoek baino, ikerketaren arabera.

Ikerketa honetan kontsultaturiko enpresen artean parte hartze garrantzitsua egon da. Diagnosiak azpimarratzen du lanpostu batzuetarako espreski gizonezkoak bilatzen jarraitzen dela (zuzendaritza, komertziala…) eta emakumezkoak beste batzuetarako (administrazioa): hautaketa-elkarrizketetan familia egoerarengatik galdetzen da eta desberdin baloratzen da gizon edo emakume kasuan.

Frenoak genero-estereotipoak izaten dira (gizonezko- edo emakumezko- lanbideek eragiten dute, baita postuak ere). Gizon edo emakume kontsideratzen den izateari atxikirik doan soslai bat bilatzen dute enpresek.

Horrez gain, datuek adierazten dute emakumezkoek kontratazio prekarioagoak dituztela. Enpresetako lanaldi
osoko ehun kontratu mugagabetatik, %28,6 emakumeek okupatzen dituzte eta %86,69 gizonezkoek.

Foru Aldundiarentzat, diagnosi honek "Gipuzkoako enpresaren berdintasunaren egoera erakusten du, errealitate sozialaren isla den egoera, bai eta honi heldu ere emakume eta gizonen arteko desberdintasunen artean eragiteko pixkana-pixkana".

Familia arazo gisa

Aldikotasunari dagokionez, lanaldi erdiko kontratazioa handiagoa izaten da emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino. Kasu askotan, lanaldi erdiko kontratuak kontziliaziorako parada bezala kontsideratzen dira. Dena dela, gaur egun emakumeak dira kontziliatzen dutenak, eta honek beste arazo batzuk dakartza eurentzat: soldata, estabilitate, postuz igotzeko aukerak eta abar jaisten dira. Gainera, langile emakumezkoen lan-garapenerako
arazo gisa ikusten dute enpresek familia- eta etxeko ardurak. Langile gizonezkoak guraso direnean, ordea, ez da berdin ikusten.

Beirazko sabaia

Diagnosian azaltzen den desberdintasun handietako bat zuzendaritza postuetan emakumeen ausentzia da, bai eta egoera hau aldatzeko dauden zailtasunak ere, beirazko sabaia izenekoa. Gainera, sektore eta lanpostu ‘gizondu’ eta ‘emakumetuak’ daude: industria bezalako sektore ‘gizonduak’, irakaskuntza eta osasuna bezalako ‘emakumetuak’…

Ikusten da ere ‘emakumeturiko’ lanpostuek lan-baldintza kaskarragoak izaten dituztela normalean: tenporalidade handiagoa, soldata baxuagoak… Ikerketak erakusten duenez, oraindik enpresetako gizonezkoen soldatak altuagoak mantentzen dira.

Azkenik, enpresen %10,13ek gizon eta emakumeen berdintasunerako Plana duela dio. Plantilan 250 lagun baino gehiagoko enpresen erantzunen artean, berdintasun planak egiteko behar legala dutenak dira hauek, eta %72ek ez dute hau betetzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak