Debagoienean egon da kasurik?
Ez, Irunen agertu dira. Hendaian ikasten zuen mutiko bat izan zen lehen kasua. Momentuz, hor gelditu da puntu epidemikoa.
Zer da saranpioia?
Arnasbideetatik kutsatzen den birusa da, oso kutsakorra. Hasieran gripe txiki bat dirudi. Sukar altua, konjuntibitisa eta orbanak agertzen dira. Hamar bat egun irauten du eta aparteko konplikaziorik sortzen ez bada gaixoak berez osatzen dira.
Ze pertsona daude arriskuan?
Urtebetetik beherakoak ezin dutelako txertorik hartu, eta txertatuta ez daudenak. Gizartearen %5ak uko egiten dio txertoa hartzeari. Kopuru txikia da, baina txertatu gabekoen poltsa handitzen doa. Txerto honek, gainera, izaera soziala du. Gaixotasuna ez hedatzeko ingurukoak txertatuta egotea garrantzitsua da.
Zergatik txertoari uko egite hori?
Alde batetik gaixotasuna ia ematen ez delako. Gaur egungo gurasoek ez dute ezagutzen. Bestetik, min handia egin zuen txerto horren inguruan 1998an argitaratutako artikulu batek. Demostratuta dago ez zuela funtsik.
Egoera kontrolpean dago?
Oraingoz bai, baina pentsatzen dugu kasu solte batzuk agertuko direla noizbehinka. Gaixotasuna ez hedatzeko gure helburua da kasu berri bat atzeman bezain pronto neurriak hartzea.
Zein da zure gomendioa?
Txertoa badago eta konfiantza handiz txertatu gaitezke. Gaixotasunak zailagoa izango du hedatzea. Ez beldurtu, galdetu eta ondo informatu.