Deskargako tuneleko lanak hasteko lehen harria ipini dute

Arritxu Barruso 2011ko ekainaren 17a

Bidegik berehala hasiko ditu Deskargako tunela egiteko lanak. Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek, ekitaldi berezi batekin, gaur eman diete hasieran Urretxu-Antzuola tramuko lanei. Beasain-Bergara ardatzaren azken tramua izango da hori: ia hiru kilometro luze izango da eta 50 milioi euroko inbertsioa eskatuko du. Urretxu pasa eta berehala bidesaria egongo da. 

Beasain-Bergara ardatza osatzeko falta den azken tramuko lanak hasiko ditu aurki Bidegik: Urretxu eta Antzuola lotuko dituenak, hain justu ere. Diputazioko ordezkariak lanei hasiera emateko ekitaldia egin dute gaur goizean.

Bidegiren bitartez eraikiko den errepide zati hori 2,7 kilometro luze izango da, eta 50 milioi euroko inbertsioa eskatuko du. 680 metro luze izango den tunela eraikiko da, Deskargako mendatea saihesteko, Diputazioaren esanetan hori da-eta Gipuzkoako bide sarean dagoen puntu zailenetako bat.

Lehiakortasunaren eta lurralde orekaren seinale

Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatu Eneko Goiak azaldu du gaurkoa egun garrantzitsua dela, gaurko ekitaldiak erakusten duelako Gipuzkoa aurrera doala. Gipuzkoako gerrikoa amaitzeko falta den tramu bakarra dela azaldu du: "Honek Bergarara gerturatzen gaitu, eta horixe da gure helburua: "Bergarara iristea. Obra honi esker gainera, hainbeste eragozpen sortzen dituen Deskargako mendatea eragoztea lortuko dugu"

Diputatu nagusi Markel Olanok, berriz, bi kontzepturekin lotu du eraikiko den zatia: Lehiakortasuna eta lurralde oreka. "Gipuzkoako arima ekonomikoa diren bi bailara, Debagoiena eta Goierri, lotuko ditu azpiegitura honek eta hori oso garrantzitsua da gure lehiakortasun ekonomikoa bermatzeko. Barne komunikazio hori indartzeko oso garrantzitsua da", azaldu du Olanok. Gaineratu du, Gipuzkoako gerrikoa eta berau osatzen duten azpiegiturak ez direla egin herrietatik hiriburuetara bidaiatzeko, bailaren arteko komunikazioa hobetzeko baizik.

Bidesaria

Kazetariek galdetu arte argitu ez duten arren, Urretxu-Antzuola zatiak bidesaria izango du auto guztiedako urretxu pasa eta berehala. Goiaren esanetan bestela ezinezkoa litzateke tramuaren ejekutazioa: "Tramu hau ez da Diputazioaren aurrekontuen kontra egiten, Bidegiren bitartez baizik. Erabiltzaileek bi aukera izango dituzte; Deskargako mendatea erabili, doan, edo errepide berria erabili ordainduta".

Bi urte eta erdiko lanak

Diputazioko arduradunen esanetan bi urte eta erdian bukatutako egongo dira Urretxu-Antzuola zatiko lanak, eta beraz, Beasain Bergara tramua. N1-a, Bergaran, AP-1 errepidearekin lotuko duena. Korridorea zabalik dago dagoeneko ibilbidearen erdira arte, Zumarragara arte, eta aurten Zumarraga Urretxu zatiaren eraikuntza lanak amaituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak