Azken urteko datuei errepasoa emanda, 2006an 150 lagun joan ziren Quebrantara, 2008an 160, iaz, zozketa bidez, 129 laguni tokatu zitzaien dortsala –75ek baino ez zuten amaitu, egin zuen eguraldi txarraz ederki sufrituta– eta aurten, berriz 202ri. Seguru, baina, beste asko eta asko kanpoan geratu direla.
Sufrituz gozatu?
Bihar, ibarreko 157 lagunek Quebrantako 205 kilometroetan erlojuaren kontrako, norberaren buruaren kontrako edo ondoko lagunaren kontrako borroka izango dute, edo borroka guztiak batera. Horregatik, proba horretara gozatzera doala dioenari berba erdia ere ez sinistu, gezurretan dabil-eta. Hori bai, iaz baino eguraldi hobea eman dute, baina gomendatu dute Frantzia aldeko mendateak jaisteko txubaskeroa eramateko.
Aurten ere zozketa bidez banatu behar izan dituzte dortsalak, 11.000 guztira. Baina Edelweiss taldeko presidente Roberto Iglesiasek gogorarazi moduan: "Urtero 20.000 lagunen eskaera jasotzen dugu".
Eraman arropa
Eguraldi iragarpenek diote zapatuan fresko samar egingo duela Pirinioetan, batez ere Frantzia aldean. Canfranc ingurura iristearekin batera baliteke euri arina hastea, eta Somporteko jaitsieran fresko egingo du –ez du iazko eguraldi txarra egingo, baina txubaskeroa eramatea komeni–. Portalet igotzen hastearekin batera, eta ziklistak hegoaldera gerturatzen doazen neurrian eguraldiak hobera egingo du, eta arratsalde eguzkitsua izango da.
Eguraldi iragarpen zehaztua, hemen.
Sailkapenak, astelehenean
Asteleheneko Goiena paperak martxa zikloturistaren gaineko erreportajea egingo du, eta ibarrekoen sailkapenak argitaratuko ditu. Hor, askok ez diote erlojuari kasurik egiten, baina denek amaitzen dute sailkapenari begira. Aldi berean, Harmailatik saioan, asteburuan gurean izango diren ziklismo lasterketak izango dira berbagai baina baita Quebrantahuesos probak ematen duena ere.
Parte-hartzaileak, herrika:
- Arrasate 41
- Oñati 38
- Bergara 36
- Aretxabaleta 24
- Eskoriatza 8
- Aramaio 5
- Elgeta 3
- Antzuola 2
- Leintz Gatz. 0
- Guztira 157