Nakor Markez: "Patagoniatik aseta itzuli arren, berriz bueltatzeko gogoz nago"

Txomin Madina Milikua 2011ko eka. 16a, 14:00

Argiketaria, surflaria, karate monitorea... eta munduaren bukaerako azken konkistatzailea. Zarauztarrak sufritzen eta irabazten dakiela erakutsi du.

1. Patagoniara eramango zaituen abioira igotzen ari zara. Zer ari zara pentsatzen momentu horretan?
Beste lagunetan ari naiz fijatzen. Ez dakit nire taldekoak izango diren edo beste taldekoak, baina denei goitik behera begira nago.

2. Estrategia, forma fisiko ona, burua argi... Zein da konkistatzaile izateko sekretua?
Gauza guztietan jarri behar da arreta: dena behin eta berriz begiratu, ze aukera dituzun ikusi, ze material duzun aztertu... Eta baita burua lasai mantendu ere. Nire garaipenaren zati handi bat hor egon dela esango nuke.

3. Programan bizitako momentu bakar bat aukeratu behar izanez gero, zein izango litzateke?
Akaso, Poxek nirekin elkarbanatu zuen bazkaria. Zalantza barik, momentu onak txarrak baino gehiago izan dira.

4. Gosea izan ei da okerrena. Zer izan zen Zarautzera bueltan jan zenuen lehenengo gauza?
Txuleta, sagardotegiko txuleta ederra. Gosea dela-eta oso gaizki pasatu nuen Patagonian.

5. Programan zehar, nork erabili ditu trikimailu gehiago: lehiakideek ala antolakuntzak?
Esango nuke pareko ibili garela. Gu aukera genuenean saiatzen ginen egiten. Antolakuntzari dagokionez, ziur ezer ez badakigu ere, susmoak baditugu.

6. Korta Kapitain: aldeko ala kontrako?
Aldeko. Hamar bat ematen diot elkarbizitzan, oso-oso ona izan zen; badu bere malaletxea, baina uste dut ondo etorri zitzaigula espabilatzeko.

7. Ia urte erdi irabazlea zarela ia inori esan barik. Sekretuak gordetzen, behintzat, badakizu...
Bai, baina kostata, gogorra izan da. Neskalagunari bakarrik esan nion; gainerakoek galdetzen zidaten, eta, gogorik ez falta arren, isilik egon naiz.

8. El Conquistador-tik Gran Hermano-ra salto egin duenik egon da. Aukera izanez gero?
Diru asko eskainiz gero, agian.... Baina ez dut uste. El Conquistador-era apuntatu nintzen probengatik,  abenturagatik, nire burua zertarako gai den ikusteko.

9. Ezkontzeko bazenuen neskalaguna, orain baita dirua ere. Datarik?
Oraindik ez dago ziur, bioi etorri behar zaigu-eta ondo; baina, seguruenik, datorren urteko uda inguruan. Jendeak egin dizkit txantxak honen kontura, baina animatu ere egin naute.

10. Eta aurrerantzean, zer?
Patagoniara itzultzeko gogoz nago, baina lehiakide edo kapitain moduan, Conquistador de Conquistadores edo halako zerbaiten. Patagoniatik aseta itzuli arren, berriz bueltatzeko gogoz nago.

---------------------------------------------------------------------

Lehendakaria banintz...: "Lehenengo gauza izango litzateke herriari entzuten saiatzea, ea zein eskaera dituen. Nik uste dut garrantzitsuena izango litzatekeela etxebizitzen prezioak jaistea, edo babes ofizialeko etxe gehiago egitea. Horren beharra ikusten dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak