Joan diren egunotan Aramaion, Arrasaten eta Eskoriatzan egon da Fernando Guirao, eta atzo iluntzean Bergaran izan zen lurjabeei informazioa ematen. Ordu bete pasatxoko hitzaldian, kaltetuei esan zien Sustapen Ministerioak "lege-iruzurra" egin zuela lurrak desjabetzerakoan, eta horregatik, egindakoa ez dela desjabetzea izan, baizik eta "legez kanpoko okupazioa, botere-abusuarekin", bere hitzetan.
Guiraok dio Espainian eta Hego Euskal Herrian 1954an egindako Indarrezko Desjabetzearen Legeak behartzen dituen zenbait izapide ez zituela egin Sustapenak. Horren ondorioz, azken baten, lurjabeek lortutako edo lortzeko diren balio justua (justiprezioa edo Sustapen Ministerioak lurrengatik ordaindutakoa) behar baino txikiagoa izan dela dio Guiraok, eta %30 gehiago kobratu dezaketela.
Auzitegi Gorenaren sententziak daude
Cleocirreko Fernando Guiraok dioenez, "Auzitegi Gorenak aldeko sententziak eman ditu beste desjabetze kasu batzuetan, eta sententzia horiek hemen aplikatzeko eskatuko dugu; hau da, ez dira prozedura gehiago ireki behar". Horretarako, Cleocirrek proposatzen die lurjabeei eurekin kontratu bat sinatzeko, eta hiru urteren buruan %30 hori lortuko dutela agintzen die. Enpresak zati bat kobratuko luke, eta lurjabeari lortutakoaren %61 geratuko litzaioke.
Guiraok esan du dagoeneko AHTk zeharkatzen dituen herri askotan egon dela, Gasteiztik hasita, eta jende askok sinatu duela kontratua: "Dagoeneko 100 eskatzaile dauzkagu, eta uste dugu 500era ailegatu gaitezkeela. Taldeko demanda bat izango da eta horrek indar handiagoa emango dio".
Gaur Bergaran egon dira, eta gero Antzuolara joatekoak dira. Handik Goierri aldera joko dute.