"Zerbitzuan eta langileen lan baldintzetan inposatutako murrizketak salatzen jarraitzen dugu", adierazi dute ordezkari sindikalek. LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuek adierazi dutenez maiatzaren 31n bildu ziren Partzuergoaren gerentziarekin eta bertan esan zieten Haurreskoletan murrizketak zelan kudeatu negoziatu nahi zutela. Hala, lau orduko lanuztea deitu dute gaurko, ekainak 16; 10:00etatik 14:00etara. "Negoziatzeko borondate osoa daukagu, baina ez dugu inolako atzera pausorik onartuko ez gure lan baldintzetan ez zerbitzuaren hezkuntza kalitatean".
Haurreskola txikiak, arriskuan
Ordezkari sindikalek adierazten dute langileek jarduera pedagogikoak prestatzeko denbora izan gabe jarraitzen dutela, eta hurrengo kurtsorako haurren ratioak handitu nahi dituztenez haurreskola txikiak arriskuan daudela.
Jaurlaritzarendako, greba 'justifikaezina'
Hezkuntza Sailarentzat "justifikaezina eta justifikatu gabea" da gaurko ELAk, STEE-EILASek eta LABek Haurreskoletan deitu duten lau orduko lanuztea. "Hezkuntza Sailak ez du 450.000 eurotan murriztu aurrekontua, sindikatuek salatzen duten moduan, diru horrekin 2010eko soldata murrizketa ordainduko baitu", argitu du Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak. Zerbitzu minimoak martxan daude.