"Gipuzkoa Aurrera ez da eredu ekonomikoa erabakitzeko leku egokia"

Leire Kortabarria 2011ko ekainaren 16a

Bilduk, dirudien moduan Gipuzkoako Foru Aldundia lideratzea lortzen badu, Gipuzkoa Aurrera "gainditutzat" joko du eta beste eredu baten alde egingo du. Halaxe agertu da gaur komunikabideetan.

Bildu koalizioko hiru kideak –ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak- bat datoz Gipuzkoa Aurrera foroaren eredua desegokitzat jotzean. Bilduk halaxe jakinarazi zuen kanpainan zehar, eta gaur Diario Vascok argitaratzen duenez, beste eredu baten alde egingo du baldin eta Foru Aldundiaren kontrola hartzen badu.

Gipuzkoa Aurrera foroan bat egin zuten administrazioak eta erakunde pribatuek, eta izaera pribatu hori da Bilduk txartzat jotzen duena: "Gipuzkoa Aurrera ez da eredu ekonomikoa definitzeko ez eta Gipuzkoaren lehentasunak ezartzeko leku egokia. Gainditu beharreko eredu bat da", DV egunkariak Bilduko iturrietatik jasotako hitzak dira.

Mondragon Korporazioa kide da

Gipuzkoa Aurrera 2008ko ekainean sortu zuen orduko (gaur egun jarduneko) ahaldun nagusi Markel Olanok. Bertan, erakunde publikoak –Foru Aldundia eta, gero, Donostiako Udala- eta pribatuak, batik bat enpresa aldekoak –Mondragon Korporazioa, Adegi, Gipuzkoako Bazkundea eta Kutxa– bat egin zuten. Asmoa zen "elkarbanatutako lidergoa" aurrera eramatea.

Egunkariak jasotzen duenaren arabera, Bilduren apustua izango litzateke askotariko eragileekin, publiko zein pribatuekin, debatea irekitzea eta Gipuzkoarendako eredu ekonomikoa lantzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak