Bergara Hiriko txapel gabe geratu ziren ibarreko ordezkariak

Xabier Urtzelai 2011ko ekainaren 15a

Astelehenean jokatu zituzten Bergara Hiria Txapelketako finalak, eskuz binakakoak. Eta bertan, ez 22 urtez azpikoen kategorian, ezta seniorretan ere, ibarrekoek ez zuten txapela jantzi. Seniorretan Larrañaga-Untoria, eta 22 urtez azpikoetan Juanenea-Lasa bikoteak izan ziren onenak.

Zale asko batu ziren astelehenean Bergara Hiria torneoko finalean, baina tamalez, ez  Mendizabalek (Antzuola), ez Rezustak (Bergara) ezin izan zuten txapela jantzi. Hala, senior mailan 2010eko azpitxapeldunak gailendu dira aurten, Larrañaga-Untoria.

Erraz irabazi zuten finala (22-10); Larrañagak zortzi tanto egin zituen sakez, eta atzean Untoriak sekulako nagusitasuna erakutsi zuen –Asegarcerekin egingo du aurki debuta–, ondo menderatu zuen Irureta. Hala, Mendizabalek ezer gutxi egin ahal izan zuen, bere bikotea goitik behera menderatu zuten-eta.

22 urtez azpikoetan Juaneneak eta Lasak 22-15 hartu zuten mendean Victor eta Rezusta. 9-9 egon ziren markagailuan, baita 14-14 ere, baina Juaneneak aurrean egindako tantoak (9) erabakigarriak izan ziren, baita pilotarik galdu ez izana ere. Victorrek ez zuen egunik onena izan, huts asko egin zituen, eta Rezusta urduri hasi bazen ere, partidu txukuna egin zuen. Hala, Juanenea aukeratu zuten torneoko pilotari onena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak