Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak iaz jarri zuen abian renove plana, komertzioei modernizatzen laguntzeko. Diru-laguntzok ez dituzte itzuli beharrik izango. Honela banatuko da aurrekontua: % 15eko diru-laguntzak altzarietan, obra zibilean, askotariko ekipamenduetan, errotuluetan eta abarrean egindako inbertsioetarako, eta % 20ko diru-laguntzak ekipo informatikoetan, aplikazioetan edo osagarrietan egindako inbertsioetarako.
Laguntza handiagoa ere izan daiteke enpresak elkarteren bateko kide baldin badira edo kalitate-ziurtagiriren bat lortu baldin badute.
Merkataritza-jarduera duten enpresa txikiak sartzen dira deialdian; horren barruan daude saltzaileak, produktuak funtsezko eraldaketarik gabe merkaturatzen dituztenak, ekoizleak, artisauak eta industrialak, eurek zuzenean ondasunak saltzen badituzte.
Diru-laguntza jasotzeko aukera izateko, inbertsioek 600 eurotik gorakoak izan behar dute ekipamendu informatikoei dagokienez, eta 2.000 eurotik gorakoak gainerako kasuetan.
Laguntzak aurkezteko, 2011ko ekainaren 30etik irailaren 16ra bitarteko epea izango da.
Zazpi urtean behin berritu
Plan hori joan den urtean jarri zen abian; izan ere, 2015erako Merkataritzaren Egokitze Plana onartzean, Euskadiko saltokiak, batez beste, zazpi urtean behin eraberritzen direla egiaztatu zen. Eta epe hori "luzeegia" da, Merkataritza Sailaren iritziz. Horregatik, batez besteko epe hori murrizteko eraberritze-prozesuei ekiteko laguntzak emateari lehentasuna eman dio Eusko Jaurlaritzak.
Joan den urtean 1.800 saltokik jaso zituzten diru-laguntzak, eta, horren eraginez, 40.000.000 euro inbertitu ziren. Zatirik handiena (ia %90) merkataritza-lokala berritzeko erabili zen.