'Gogoko ditut astelehenak' adimen urritasuna dutenek praktika kontratuak lortzeko

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko ekainaren 14a

Atzegik eta Foru Aldundiak jarri dute martxan aurtengo kontzientziazio kanpaina. Helburua da adimen urritasuna duten pertsonek enpresa arruntetan praktika kontratuak lortzea, eta horretarako, besteak beste, Atzegik eta Gureak taldeak elkarren artean sustatu dute ‘Pauso berriak’ programa, enpresei eman beharreko laguntza guztiak eskaintzeko.

Atzegin iaz hasi ziren adimen urritasuna duten pertsonak lan munduan integratu nahian, eta Atzegiren 50. urteurrena ospatuaz, helburu bezala jarri zuten 50 pertsona enpresa arruntetan kokatzea. Urte bukaerarako lortu zuten euren helburua eta dagoeneko 64 pertsona inguru dabiltza lanean edo praktiketan. Hala ere, zenbaki horrek mugarik ez daukala gaineratu digu Jokin Antxiak, Atzegiko Debagoieneko arduradunak.

Orain arteko esperientziak oso positiboak izan direla esan digu Antxiak eta poliki-poliki adimen urritasuna duten pertsonen artean, laneratzearen bitartez, geroz eta gehiago dira pertsona moduan garatzeko aukera dutenak.

Debagoienean, esaterako, Mizpirualde zaharren egoitzan, Arrasate eta Bergarako udaletxeetan eta Iturbide egoitzan izan dira adimen urritasuneko pertsonak lanean.

'Pauso berriak' programa

Atzegirekin batera, Foru Aldundiak, Lanbidek eta Gureak taldeak egiten dute posible proiektua. Gainera, Atzegik eta Gureak taldeak Pauso berriak programa jarri dute martxan praktiketan den pertsonaren prestakuntza euren gain hartuz eta laneko prestatzaile bat jartzen diete bere lana egiteko behar dituen gaitasunak hartu arteko denbora guztian haren ondoan izateko.

Informazio gehiago

Datorren asteburuan, Debagoieneko herri guztietan kartelak jarriko dituzte eta informazioa banatuko dute. Hala ere, sarean ere badago informazio gehiago, webgune honetan: www.meencantanloslunes.com.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak