Ikastetxe horiek Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak iaz bultzatu zuen programa pilotuaren bigarren fasean sartzen dira, hortaz, Gipuzkoako beste 24 ikastetxe bezala.
Hizkuntzak Irakasteko, Ikasteko eta Ebaluatzeko Markoa ezartzea da programa horren helburua, eta ikastetxeek borondatez ematen dute horretarako izena. Gainera, Zelaak behin eta berriz esan du "programa malgua" dela, eta horrek esan nahi du ikastetxe bakoitzak euskara, gaztelania eta ingelesa zelan erabiliko duten proposatzeko burujabea izango dela, baldin eta hizkuntza bakoitza astero gutxieneko ordu kopuru baten komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzen badute.
Oraingoz, planak Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleei eragiten die.
Helburua da ingelesez aritzeko nahikoa gaitasuna ematea ikasleei.
Ingelesa eskolan bertan ikasi
Programa horretan oraintxe sartzeak ez du esan nahi eleaniztasunean berriak direnik bailarako lau ikastetxe horiek. San Martin Agirre ikastetxeko zuzendari Begoña Otxoaizpuruak dioenez, "urteak" daramatzate eskolan "hizkuntzen trataera bateratuan". Horrela, bere esanetan: "Araudia ikusi genuenean, konturatu ginen bete-betean hartzen zuela guk eskolarako nahi genuena".
"Irakasleek pixka bat gehiago egin beharko" dutela onartzen du, baina gogoratzen du Eusko Jaurlaritzak irakasleondako ikastaro bereziak dituela.
Irakaskuntzari dagokionez, "gai guztiak hiru hizkuntzetan landuko dira. Ikasleek hiru proiektu egingo dituzte, bat euskaraz, beste bat gaztelaniaz eta beste bat ingelesez. Horrela bada, aldi berean, aste berean, hiru proiektu lantzen egongo dira, bakoitza hizkuntza baten", azaltzen du Begoña Otxoaizpuruak.
Modu apalagoan, baina ahal zuen baliabide guztiekin ere landu du Antzuolako Herri Eskolak hirueletasuna. Orain, lehenengo aldiz, irakasle bat izango dute bereziki ingelesean sakontzeko ikasleekin, eta Hezkuntza Saila programa aurrera eramateko. Aldea da orain ingelesa komunikazio-hizkuntza ere izango dela, euskara izan arren komunikazio-hizkuntza nagusia.
Oñatiko Errekalde Herri Eskolan ere apustu hori egin dute, Jose Fernandez zuzendariaren hitzetan: "Gure proiektua da arlo batzuk –Informatika eta Ingurune gai batzuk– ingelesez ematea 4. mailakoei. 12 ikaslerekin hasiko gara. Gure guraso elkarteak interesgarritzat jo du eta aurrera egitea erabaki dugu". Honakoa gaineratzen du: "Errealitatea da guraso askok seme-alabak akademietara eramaten dituztela ingelesa ikastera, eta guk, eskola publikoan, beti eskatu izan dugu hizkuntza eskola publikoa izatea eta ingelesa erakusteko aukera izatea".
Beraz, euskarak euren hezkuntzaren oinarria eta komunikazio-hizkuntza izaten jarraituko du, baina ingelesa eskolan bertan ikasiko dute ikasleek.

Hizkuntz Proiektuaren arabera
Itunpeko ikastetxeekin hitzarmena eginda dauka Hezkuntza Sailak, haiek ere hezkuntza proiektu hirueledunak aurrera eraman ditzaten. Hezkuntza Sailaren arabera, 2008-2009 ikasturtean 101 ikastetxe zebiltzan EAE osoan hizkuntzen tratamenduari buruzko jarduerak egiten.
Debagoieneko ikastola guztietan Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak prestatutako Hizkuntz Proiektua eramaten dute aurrera. 90eko hasieran ekin zioten horri Gipuzkoako ikastolek. Helburua da "hizkuntzak ikastea eta euskararen erabilera eremu guztietara eramatea".
Proiektu horren oinarria da goiz (4 urterekin) jartzea ikasleak atzerriko hizkuntzarekin harremanetan. Bailarako ikastolek ere hala egiten dute: 4 urteko ikasleak saio laburretan hasten dira ingelesa ikasgai gisa ematen; Lehen Hezkuntzan, sakondu egiten dute; eta DBHko 3. mailan, ikasgai bat –normalean, Gizarte Zientziak– ingelesez emateko aukera dute; ikastola batzuetan, aukeran ematen dute, eta beste batzuetan, denek ingelesez ematen dute ikasgai hori, kasu bereziren bat salbuetsita; eta, horrez gain, DBHn ere ikasgaitzat izaten jarraitzen dute ingelesa.
Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeak (Kristau Eskola sareko kidea) helburutzat dauka bere ikasle guztiek "DBH bukatzen dutenerako EAEn ofizialak diren bi hizkuntzetan erabateko konpetentzia" izan dezaten; baina "helburu berbera" dute ingeleserako. Orain dela bederatzi urte, Elkar Hezi ikastetxe pilotua izan zen HH eta LHtik hasita ingelesa eduki bidez ikuspegi komunikatibo batez lantzen, INEBI programarekin.
Elkar Heziko zuzendari Juankar Olaetak azaltzen duenez, "ikastetxe bakoitzak bere egoera soziolinguistikoaren arabera antolatzeko" aukera dauka, eta "bakoitzak bere helburuak finkatu" ditzake: "Guk badakigu zein den gure helburu linguistikoa". Hala, adibide hau ipintzen du: hiru hizkuntzetarako gutxieneko ordu kopuru bat ezartzen du Hezkuntza Sailak; baina Elkar Hezin gaztelania ikasgai gisa ematen dute, eta erabaki dute horrekin nahikoa dela.
Bestetik, Elkar Hezin, 5. mailatik hasten dira ingelesa lantzen. "Seguru asko, 4. mailara aurreratuko dugu. Beste asmo bat da bi arlotan, LHn eta DBHn, unitate didaktikoak hiru hizkuntzatan lantzea; baina ikastetxe bakoitzak erabakiko du zelan egin hori", esaten du Olaetak.