Horrez gain, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren tutoretzapean eta foru-aldundien, udalen eta garapen-agentzien partaidetzarekin garatu den programa horrek 279 enpresa sortzeko laguntza eman zuen, eta beste 2.406 enpresari produktibitate- eta lehiakortasun-mailak areagotzen lagundu zien, enpresak antolatzeko eta kudeatzeko eredu berriak sustatuz.
Europako Gizarte Funtsaren (EGIF) laguntzen % 71 enplegu-eskatzaileen jarduera-tasak eta
enplegu-tasak igotzeko erabili ziren, laneratzeko zailtasun handienak dituzten giza taldeei bereziki
zuzenduta; hau da, 25 urtetik beherako gazteei, 54 urtetik gorakoei, luzaroan lanik gabe egon direnei
eta desgaitasunak dituztenei. Adibidez, 25 urtetik beherako 24.760 gazte baliatu dira plan horretaz.
Bestalde, parte hartu duten 54 urtetik gorako euskal herritarrak 3.764 izan dira.
Gainerako % 29a enpresa-espiritua sustatzeko eta dagoeneko sortuta zeuden
enpresei bizi-irauten laguntzeko izan zen.
Lautik ia hiru langabeak ziren
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, aldundiek, udalek, garapen-agentziek eta hirugarren
sektoreko enpresek garatutako programetan parte hartu duten 123.801 lagunetatik, %72,2 langabezian zeuden. Javier Ruiz Enpleguko sailburuordearen iritziz, "garrantzitsua da
nabarmentzea laneratze zaileko giza taldeetan programek duten eragina; besteak beste,
desgaitasunen bat dutenengan, giza talde kalteberetako beste pertsonengan edo iraupen luzeko
langabetuengan".
2010. urtean, bi norabide horietan egindako jardunetara 24 milioi euro bideratu ziren, gutxigorabehera. Europako Batasunak erdia finantzatu zuen, Eusko Jaurlaritzak zazpi milioi jarri zituen, eta gainerakoa foru-aldundiek, udalek, garapen-agentziek eta hirugarren sektoreko enpresek.