Arkaitz Zamakona eta Haritz Kortabarria izan ziren azkarrenak Eskoriatzan gabez egindako lasterketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko ekainaren 12a

62 lagunek hartu zuten parte Eskoriatzako I. Gabez Takarraran lasterketan; antolatzaileen lana nabarmendu zuen lasterkari batek baino gehiagok helmugan. Jarraian duzue sailkapen orokorra.

Mendi lasterketa polita izan zen zapatukoa. Helmugan Arkaitz Zamakona otxandioarra eta Haritz Kortabarria arrasatearra nagusitu ziren. Lagunak dira, elkarrekin entrenatzen dute eta ia hasieratik jarri ziren lasterketaren buruan. Bide zati handiena elkarren ondoan egin ostean helmuga elkarri eskua emanda zeharkatzea erabaki zuten. Eta horrela egin zuten.
   Antolatzaileen aurreikuspen baikorrenak gaindituz bi gazteek ordu eta erdi pasatxoan egin zituzten ibilbideko 20,10 kilometroak. Zamakonaren eta Kortabarriaren denbora 01:37:20 izan zen.

Emakumeak lau

Parte-hartzaileak pozik dira lasterketaren lehenengo edizioak izandako harrerarekin. 62 lagunek hartu zuten irteera, tartean lau emakume. Helmugara iristen azkarrena Nerea Amilibia izan zen. Euskal selekzioko lasterkari aiarrak bi ordu inguru nahikoa izan zituen lasterketa amaitzeko; bere denbora 02:02:24.
Rosa Lasagabaster eskoriatzarra (02:23:59) izan zen bigarrena eta Marije Zubizarreta (02:45:44) hirugarrena.

Antolakuntza ona

Erakargarria izateko motibo bat baino gehiago zituen Eskoriatzako Gabez Takarraran lasterketak; lehenengo edizioa, gabez, antolatzaileen ilusioa... Eskoriatzako Herriko plazatik lasterkarien irteera eta helmuga ikusteko aukera izan nuen. Gainera, eta antolatzaileen laguntzari esker, lasterkariak Lapako (4. kilometroa) zein Mandobideko (10. kilometroa) anoa-puntuetatik pasatzen ere ikusi nituen. 13 graduko tenperaturarekin giro ona izan zuten lasterka egiteko, eta nahiz eta argitasuna eskasa izan bidegurutze guztiak zeuden material egokiarekin markatuta. Toki askotan jendea ere bazegoen argibideak zein animoak emateko. Lasterketan 62 lagunek hartu bazuten parte; antolakuntzan 70 bat lagun inguru ziren. 

Gogorrena, azken jaitsiera

Kontuan izanda lasterketak 1024 metroko desnibel positiboa zeukala lasterkariei sufritzea tokatu zitzaien apur bat. Helmugan jaitsierak igoerak baino gogorragoak izan zirela adierazi zuen batek baino gehiagok. Ibilbidearen erdi parean min egin zuen Eskoriatzatik Mandobiderainoko igoerak (530 m) eta Atxorrotzetik herrirainoko jaitsierak, azkena, zer esanik ez. Baina lasterkari gehienendako esperientzia positiboa izan da; "errepikatzeko modukoa" askoren esanetan.

Sailkapena

Argazkiak hemen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak