Aralarrek Bildurekin bat egingo du bihar Arrasaten, Aretxabaletan eta Bergaran

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ekainaren 10a

Bihar eratuko dira udalak gure eskualdean eta baita Hego Euskal Herri osoan ere, eta Aralarrek Bilduren hainbat hautagaitza babestuko ditu, herri horietako komiteek akordioa lortu baitute. Aralarrek "bakea eta elkarbizitzarako neurriak eta ezkerreko politikak" jarri ditu mahai gainean adostasuna bilatzeko orduan.

Herri horietan adostu da "urte luzetako gatazka politikoa eta egun bizi dugun krisi ekonomikoa gainditzeko nahiak eta beharrak jendartearen arlo zabaletara hedatu du aldaketa politiko eta sozialaren aldeko aldarria".

Aniztasunaren aitortza eta errespetua ezinbestekotzat jo dituzte akordio horietan, "euskal herritarrek gatazka politikoari loturiko indarkeria adierazpen guztiak gainditu eta etorkizuna ezberdinen arteko elkarrizketan, pertsona ororen eskubide guztien aitortzan, eta herriaren hitzaren errespetoan oinarritzeko nahia" adierazi dute Aralarrek eta Bilduk.

Halaber, "soilik bide demokratiko, politiko eta baketsuak erabiltzeko konpromiso irmoa" agertu dute, "elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa" izanik gidalerroak. Hala, "edozein pertsonare" hartu dute bi alderdiek.

Oinarri horiekin, Aralarrek biharko inbestidura saioetan Bilduko hautagaien alde egingo du Arrasaten, Aretxabaletan eta Bergaran; eta baita, Durangon, Getarian, Markinan, Tolosan, Zarautzen (Aralar-EB koalizioa) eta Zumaian ere.

Deban, Alternatibaren zerrenda babestuko du Aralar-EB koalizioak.

Albizturren, Zallan, Elgetan eta Beran Aralarrekoak izango dira alkateak. Albiztur eta Zallan gehiengo absolutuarekin, Elgetan zerrendarik bozkatuena delako, eta Beran EAJren babesa jasoko duelako inbestidura saioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak