Jorge Fernandez: "Zortea sekula ez dator bakarrik; bila joan behar da, landu"

Txomin Madina Milikua 2011ko ekainaren 9a

1972ko uztako arrasatearrak sekulako saltoa eman du azken hamarkadan: basket jokalari eta irakasle izatetik, telebista aurrean milioika ikusle biltzera.

1. Jaiki eta ispiluan begiratzean, zer pentsatzen duzu lehenengo?
Madrilen nagoenean: "Kaka, bizarra moztu behar dut!". Bilbon, aldiz, nire semearengan.

2. Lesio batek sekula ez du izan horrenbesteko etorkizunik.
Erabakigarria izan zen: errekuperatutakoan jokatzeko gai izan arren, bizitza birplantearazi zidan. Hasierako asmoa, baina, ez zen aurkezle izatea, modan sartzea baizik. Beti diot ez dagoela onik ekarriko ez duen gaitzik.

3. Zortearekin lan egiten duzu: bakarrik dator ala bila joan behar da?
Bakarrik ez dator inoiz; bila joan behar da, landu. Ez dut zortean sinesten: lanean baizik, konstantzian, sakrifizioan eta esfortzuan.

4. Hamar egun etxe bat eraberritzeko: magia ala eraginkortasun handiena?
Denetik. Telebista magia da; baina egia da lan eta sakrifizio handia dagoela. Beti esaten da lantaldea garrantzitsua dela; bada, saio horretan, beste batzuetan baino garrantzitsuagoa. Gehien kostatu zaidan saioa da, baita poztasun handien eman didana ere.

5. Kanpaikadak ematea aurkezle moduan gailurrera heltzea da?
Sari bat da urtean zehar egindako lanagatik, baina telebista egiteko modu bezala ez zait gustatzen: presio handia dago, dena oso lotuta, eta ni ez naiz ni izaten. Gaizki eginez gero, gainera, akabo!

6. Audientzien gerran denak balio du?
Gerran ere ohorea badago, audientzietan ere ez luke denak balio behar. Nire ustez, nire kateak bai, baina kate eta zuzendari batzuek ez dute askorik errespetatzen. Gustatuko litzaidake kate guztiok elkar errespetatu eta muga batzuk ez gainditzea.

7. Batzuek komunean dute Oscarra. Non dago zure Ondas saria?
Egongelan, beste sari batzuekin. Irabaztea gailurra izan zen: bi saio hain ezberdin aurkezteko gai izateagatik eman zidaten. Gainera, aurretik nortzuek irabazi zuten ikusita...

8. Nerabe, ama ala amamek, nork geratzen zaitu gehien kalean?
Amamek! Ilusio berezia aitaitek egiten didate. "Guapo!" eta halakoei ez diet kasurik egiten, baina adineko gizon batek dionean zure zain egoten dela, dibertitzen dela, ilusioa egiten dit.

9. Irakasle lanetan ere ibili zinen garai baten. Nolako maisua zinen?
Ikasleei galdetu behar! Urtebetez eman nituen klaseak Gasteizko moja ikastetxe baten. Bokazioa behar da eta konturatu nintzen ez zela nirea. Umeak gustatzen zaizkit, baina egunero 40, eromena da!

10. Nola ikusten da Arrasate urrunetik?
Aspaldi ez naiz joan, baina tristeago; akaso, gaztaroarekin alderatzeagatik. Atentzioa ematen didana da gauzak ez direla aldatu: jende bera, ordu berean eta taberna berean. Dena den, gustatzen zait bueltatzea.

---------------------------------------------------------------------

Lehendakaria banintz...: "Lehendakari guztiak egiten saiatu direna, eta saiatuko direna, egiten saiatuko nintzateke: ETAren kontrako borrokan jarraitzea; eta krisia arintzea eta lanpostuak sortzea. Ea alderdi berriarekin eta hauteskundeetan jasotako boto piloarekin egonkortasun politikoa lortzen den."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak