EAJk bere hautagaiak aurkeztu eta haien alde bozkatuko du udal eta batzar nagusietan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ekainaren 7a

Nazio Batzarra egin zuen atzo arratsaldean EAJk Bilboko Sabin Etxean. Eta han erabaki zuen udal eta batzar nagusi guztietan haien hautagaiak aurkeztea eta haien alde bozkatzea. Era berean, Bilduk erakundeak gidatu ez ditzan, PSE-EE eta PPrekin itunik edo "fronterik" ez duela egingo esan zuen EAJk.

Hortaz, esate baterako, Gipuzkoako Batzar nagusietan Markel Olano aurkeztuko du eta haren alde bozkatuko dute EAJren 14 batzarkideek. Era berean, Eneko Goia aurkeztuko du Donostiako Udalean eta hura babestuko dute jeltzaleek Donostian lortu dituzten 6 zinegotziek. Donostian Bildu izan zen indar bozkatuena (8 zinegotzi); PSE-EEk, 7 lortu zituen.

Goizean, Sabin Etxean ere, Bilduren ordezkariekin batu zen EAJ. Jeltzaleek aurreratu zieten Bildukoei ez dutela parte hartuko Bildu erakundeetako gidaritzatik kanpo uzteko fronteetan eta ez dutela bat egingo popularrekin edota sozialistekin Bilduren aurka egiteko.

Gipuzkoa eta Donostia airean

EAJren Nazio Batzarrak atzo hartu zuen erabakiarekin, erakundeak osatzeko ekitaldietan haien ordezkariak aurkeztea, airean geratzen da zein izango den Gipuzkoako ahaldun nagusia edota Donostiako alkatea. Zerrenda bozkatuena (Bildu) nagusituko den, ala jeltzaleen hautagaiak babestuko dituzten sozialistek edo popularrek, edo biek.

Gipuzkoako Foru Aldundirako bozetan, Martin Garitanoren Bildu izan zen lehen indarra 22 batzarkiderekin; Markel Olano (EAJ) bigarrena, 14rekin, eta atzetik PSE-EE (10) eta PP (4); Aralarrek bakarra lortu zuen, Rebeka Ubera elgetarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak