"Abiadura handiko trena geldi daiteke eta geldituko dugu", esan zuten manifestazioko antolatzaileek. "Lemoiz gelditu zuten, Nafarroako tentsio handiko linea elektrikoa birplanteatu egin dute, Pasaiako super-portuak inoiz baino zailtasun gehiago ditu...", esan zuten.
AHT Gelditu Elkarlanako kideek esan zuten bailarako gune askotan obrak hasita daudela, baina proiektu erraldoiaren zati txiki bat besterik ez direla: "Hiriburuetako sarrerak ez daude zehaztuta, obrak ofizialki inauguratu dituzten toki batzuetan ez dituzte lanak hasi eta hasita dauden tokietan oso motel dabiltza". Gaineratu zuten, AHT ingurugiroaren kontrako erasoa baino "asko gehiago" dela: "Krisian gaude, eta ulertezina egiten zaigu diru publikoa halako proiektuekin xahutzea. Behar-beharrezkoak diren zerbitzu publikoek geroz eta baliabide ekonomiko txikiagoa dute. Onartezina da!".
Helburuak
Antolatzaileen esanetan manifestazioaren helburuak dira: obrak gelditzea, gizarteari erabakitzeko eskubidea itzultzea, eta egungo garraio eta lurralde antolaketa ereduaren inguruan eztabaida soziala irekitzea.