Doke antzerki taldeak antolatuta egin dute tailerra atzo eta gaur. "Orain arte gure inguruan eta Erdi Aroan kokatutako antzezlanak eroan ditugu agertokietara, baina beste era bateko lanak ere jorratu gura ditugu, eta horretarako egokia iruditu zitzaigun ikastaro bat egitea" azaldu digu Dokeko kide Mariasun Pagoagak.
Ana Perez irakasle
Ikastaroa emateko ez dute edonolako irakaslea aurkitu. Ana Perez izan da berau: antzerki munduan profesional moduan aritutakoa, Europan zehar ere ibili izan da lanean.
Hamalau pertsonak hartu dute parte ikastaroan: gehienak Dokekoak bertakoak izan dira, baina egon da kanpotik etorri denik ere. Tailerrak iraun duen egun eta erdian, era guztietako ariketak egin dituzte, baita era guztietako testuak landu ere. Besteak beste, Xalbadorren heriotzean kantua erabili dute material moduan, baina baita Shakespeareren Lear Erregea antzezlana edo Machadoren testuak ere.
Garrantzia, testuetako hitzei beharrean, hitzok esateko moduari eman gura izan die Ana Perezek, eta horixe da landu dutena. "Sentsazioak, emozioak lantzea izan da egin duguna, baita hutsuneak isiltasunarekin eta gorputzarekin nola bete ere" azaldu digu Pagoagak.
Testuak irakurtzeko orduan, jarrera izan da landu dutena testu bera era inuzentean, Hitlerrena eginaz edo mozkortuta errezitatuz. Tailerreko ardatzetako bat gorputza eta bere mugimenduak izanik, egindako ariketak nahiko fisikoak izan dira. Nekea ekarri du horrek, baina etorkizunerako baliagarriak izan daitezkeen bideak ere zabaldu dizkie tailerrean parte hartu dutenei. "Asko ikasi dugu asteburuan, orain baina, ikasitako horiek barneratzen joan behar gara, guk geuk geure aldetik landuz" diosku Mariasun Pagoagak.
Proiektu berria eskuartean
Seguru ikastaro honetan ikasitakoak baliagarriak izango zaizkiela Dokekoei euren hurrengo proiektua aurrera eramateko. Gaia zein den esan gabe, aurreratu dute komedia bat izango dela, Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzitakoa. Apur bat itxaron beharko dugu baina agertoki gainean ikusteko, asmoa da eta datorren urtean estreinatzea.