Abentura parkea, Albiña, Gamarra eta Atxorrotz, aurtengo 'Udaero' egitasmoan

Mirian Biteri 2011ko eka. 3a, 16:47

Azken bost urteotako ohiturari jarraituz, Udaero egitasmoaren harira antolatutako askotariko ekitaldiekin gozatu ahal izango dute Eskoriatza eta Aretxabaletako 12 eta 17 urte bitarteko gazteek. Izena emateko azken eguna ekainaren 30a da.

Uztailaren 4an hasi eta 24an amaituko da; epe horretan, egun osoko bost irteera, azken festa eta lau eguneko irteera luzea antolatu dituzte bi herrietako udal gazteria sailek, Txatxilipurdirekin batera.

Uztailaren 4an abentura irteera izango dute. Lekunberriko Beigorri parkera joango dira; besteak beste, zuhaitzen gainetik zirkuitua, tirolina eta bestelakoak  izango dituzte han. Irteera horren prezioa 10 euro da.

Orientin lasterketa Urkulun

Handik bi egunera, Orientin lasterketa egingo dute Urkulu inguruan; 5 pertsonako taldeak osatuko dituzte, eta mapa eta iparrorratza eskuan dituztela lehiatuko dira. Ibilbide zuzena egiten duen lehen taldea izango da irabazlea. Lasterketan parte hartzeak bi euro balio du. Uztailaren 7an, ostera, Albiñara joan eta parrillada egiteko asmoa dute.

Uztailaren 11n, Udaero-n dagoeneko klasiko bilakatu den irteera izango dute: Gamarrako igerilekuena, hain justu. Bost euro ordaindu beharko dituzte interesa dutenek. Uztailaren 14an Atxorrotzera joango dira, bazkaldu ostean; asmoa da Uxarran kanpamendua jartzea eta bertan gaua igarotzea eta izarrak ikustea. Irteera horretara joateko 2 euro ordaindu ordaindu behar dira, eta plazak mugatuak dira.

Egun osoko irteerez gain, uztailaren 18an azken festa eta kontzertua egingo dute herriko musika talde gazteekin. Azkenik, uztailaren 22tik 24ra bitarterako, kostaldera irteera antolatu dute. Arrasatekoekin batera egingo dute hori. Ekimen horren kostua 40 euro da.

Ekintza horietan guztietan parte hartu gura dutenek izen-emate eskaera bete behar dute, eta diru sarreraren ziurtagiriarekin edo diruarekin gazteleku edo gazteria zerbitzuetara joan beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak