Ikasturte honetan Euskal Autonomia Erkidegoko 40 ikastetxek egin dute proba pilotua hiru hizkuntzako ereduan. Sistema horren helburua da ikasleak prestatuta egotea edozein arlotan euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzaz, kasu gehienetan ingelesez, berdin mintzatzeko.
Hurrengo ikasturtean bigarren proba pilotua ipiniko da martxan eta horren bitartez, Gipuzkoako 27 ikastetxe gehituko zaizkio sistema horri; Debagoieneko bost tartean: Bergarako San Martin Agirre ikastetxea, Arrasateko Herri Eskola, Oñatiko Elkar Hezi eta Errekalde Herri Eskola eta Antzuolako Herri Eskola.
Debagoieneko bost ikastetxe
Datorren irailean hasiko dira Debagoineko bost ikastetxe horietan hezkuntza hirueledunarekin, eta esaterako, San Martin Agirren datorren ikasturtean 4. mailara pasatuko diren ikasleekin jarriko da martxan eta hiru urteko prozesua izango da.
Sistema horrek irakasleen formazioan ere izango du eragina eta Eusko Jaurlaritzatik ikastaro bereziak jarriko dituzte martxan proiektu honetan sartzen diren ikastetxeei begira.
Funtzionamendua
Funtzionamendua izango da gai denak hiru hizkuntzatan lantzea. Adibide bat ipintzearren, matematika eta natura biak lantzea hiru hizkuntzetan.
Ondorioz, ordutegia, adibidez, askoz malguagoa izango da eta euren nahia da helburuak eta ebaluazio irizpideak garbi izanda, urtean zehar egin beharreko proiektuak ondo lantzea.
Esan bezala, Bergarako San Martin Agirren, Arrasateko Herri Eskolan, Oñatiko Elkar Hezin eta Errekalde Herri Eskolan eta Antzuolako Herri Eskolan hasiko dituzte proba pilotuak irailean eta ondo irteten badira, asmoa da poliki-poliki hiru hizkuntzako eredua gainontzeko mailetara zabaltzen joatea.