Debagoieneko binakako bertsolari txapelketako bigarren saioa Uberan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ekainaren 3a

Dagoeneko martxan dago sariketa. Lehenengo kanporaketa Oñatiko San Migel txikitan jokatu zuten; gaur, Uberan jokatuko dute bigarren saioa eta hirugarrena Aramaion izango da. Deba Garaiko Bertso eskolen artean antolatutako txapelketa da, bertako bertsolariekin osatua. Izan ere hori da txapelketa honen xedea: bertsolari gazteendako plaza berri bat izatea.

Aramaio, Arrasate, Bergara eta Oñatiko bertso eskolak parte hartzen dabiltza txapelketan. Guztira 24 bertsolarik jardungo dute kantuan oholtza gainean. "Bertso eskola bakoitzak erabaki du bikoteak nola antolatu", azaldu du Xabier Igoa bertsolari aramaioarrak.


Txapelketaren helburu nagusia bertsolari gazteendako plaza berria izatea da. Hala ere, beste helburu garrantzitsu batzuk ere baditu txapelketak. Besteak beste, Debagoieneko bertso eskolen arteko harremanak sendotu eta bertsolariak euren artean ezagutzeko helburua dago. Eta, baita, bailaran bertsolaritza sustatzeko asmoa ere.

Lehenengo saioan sailkatuak

Maiatzaren lehenengo aste bukaeran jokatu zuten lehenengo saioa. San Migel Txiki jaietan, Kale Zaharreko plazatxoan jardun zuten lau bikotek. Finalerako sailkatu ziren bertsolariak izan ziren: Urko Egaña eta Josu Igartua bikotea eta Joseba Lasagabaster eta Gorka Larrea bikotea. Ekainaren 19an jokatuko duten finalerako dagoeneko txartela lortu dute bertsolari oñatiarrek. Gainerako txartelak jokoan daude.

Uberako saioa

Gaur, egubakoitza, Uberan jokatuko dute bigarren saioa. 20:30ean izango da saio eta parte hartuko dute lau bikotek. Antolatzaileek azaldu dute bertso-afaria izango dela bai gaurkoa eta baita datorren astekoa ere. Parte hartuk dute: Jokin Labayen - Ane Zuazubizkar, Enaitz Alustiza - Maddi Labayen, Xabi Igoa - Paula Amilburu eta Iñigo Arzelus - Eñaut Uriarte

Hurrengoa, Aramaion

Datorren egubakoitzean, Aramaion jokatuko dute hirugarren eta azken saio. Uribarrin izango da, 20:30ean.
Parte hartuko dute Manex Agirre, Maria Izaga, Andere Arriolabengoa, Sabin Aranburu, Iker Agirre, Beñat Burgi, Iñaki Viñaspre eta Beñat Zalakainek.
Gaur Uberan jokatuko duten saiotik eta datorren astean Aramaion jokatuko duten saiotik bina bikote sailkatuko dira finala jokatzeko. Finala Arrasaten izango da, gaztetxean ekainaren 19an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak