2007ko agintaldiaren hasieratik Aramaioko Udalak herriko argindarra enpresa batek kudeatzea erabaki zuen, Aramaioko Argindar Banatzailea enpresaren jarduna indartuz. Izan ere, ordura arte udal langileek kudeatzen zuten argindarra, eta oraindik jarduneko alkate den Asier Agirreren arabera, ez zen behar den moduan egiten: "Enpresa moduan funtzionatzen hasi ginenean konturatu ginen hainbat kontu eguneratuta eraman behar zirela eta duela bi urte egindako balorazio baten ostean dena ondo eramatea posible zela ondorioztatu genuen". Hala, dena ondo joan dadin 700 bazkide daudela gogoratu du Agirrek eta horrela errentagarria dela egun enpresa kudeatzen duten langileei ordaintzeko.
Leintz-Gatzagan, berriz, Aramaio duela lau urte zegoen egoeran daude egun. Honela azaldu du Eusebio Villar alkateak: "Gure udaletxeak ez du azpiegitura nahikorik herriko argindarra kudeatzen jarraitzeko eta Aramaion lan hori hartzeko gertu daudela ikusi ostean sinatu dugu hitzarmena". Azpiegiturarik ez dutela dioenean langilerik ez dutela esan gura du Villarrek: "Halakoez arduratzen diren bi langile ditugu, eta udaletxeko beste kontu batzuekin larri dabiltza. Beraz, argindarraren gaia kudeatzera ez dira heltzen".
Bi urterako eta aldatzeko aukera
Atzo sinatu zuten bi alkateek hitzarmena. Kontratuaren iraupena bi urtekoa izango da eta bi aldeak adostu dute edozein momentutan kontratua bera eten edo kontratuan jasotzen diren puntu ezberdinak aldatu ahalko direla. Honela azaldu du Agirrek: "Udalgintzan ari gara, enpresa publiko baten kudeaketan. Enpresa ikuspegiaz ari gara baina ezin dugu ahaztu herriari begira ari garela. Hala, hurrengo korporazioak kontratua behar dela uste badu, gu ez gara oztopo izango".
Helburua da halako hitzarmen batek agintaldi osoa ez baldintzatzea; bi urteko proba bat da: bi aldeak ados badaude luzatu ahalko da eta Leintzargi enpresak ikusten badu euren kabuz kudeatzeko gai direla, lehengo egoerara bueltatuko dira.