1. Badakit elkarrizketak erantzuteko deseatzen egoten zarela.
[Barre] Bai, bestela ere urtean gutxi egiten ditugu eta...
2. Oporrak hartu berri, zure etxe azpian futbolean dabiltzan gazteei ihes egin die baloiak, eta zuregana dator. Vade retro Satanas!
Egia esanda, momentu honetan bai. Belaunetik izorratu samar amaitu dut denboraldia, eta, igual, eskuarekin itzuliko nieke baloia.
3. Bizitza osoa txuri-urdin jantzita. Imajinatzen duzu zeure burua beste elastiko batekin?
Kamiseta berdearekin ere jokatu izan dut, eta asko gustatzen zaidan kolorea da hori. Ea, baina, kamiseta berde horrekin noiz jokatzen dugun partidu ofizialik.
4. Pozik egongo dira Gipuzkoako kardiologoak, realzaleei sufriarazten diezuen guztiarekin.
Bai; Bartzelonako zaleak ondo ohituta daude, eta gureak sufritzera ohituta. Akaso, kardiologo bakarren bat haserre ere egongo da, lanez lepo dabilelako.
5. Belaunak ematen dizu eguraldi aldaketen berri?
Ba, batzuetan bai. Izan nuen lesioa kontuan hartuta, nahiko konforme nago nire belauna zelan aguantatzen dabilen ikusita, baina urtean zehar eguraldi aldaketa handia badator, belaunak egiten dit iragarpena, bai.
6. Nire kintako futbol jokalariak dagoeneko erretiroan pentsatzen hasita zaudete. Zahartzen nabilen seinale?
Gaztetu ez zara egingo, behintzat. Baina gure kintakoak sasoi onean gaude oraindik.
7. Gutxi batzuk sufritzen, eta gainerakoak ondo bizi izaten. Ligaz ala krisiaz ari naiz?
Futboleko sufrimendua neurrian hartu behar da. Uste dut futbolak sortzen duen sufrimenduaz alderatuta asko direla larri dabiltzan familiak. Ea egoerak hobera egiten duen...
8. Kirolari batzuk topera dabiltza sare sozialetan; ez zaitugu halakoen oso zale imajinatzen.
Komunikatzeko modu horiek duda barik oso erabilgarriak dira, baina neurrian. Nik lagunekin komunikatzeko nahiago dut modu tradizionala, aurrez aurrekoa.
9. Zer dute Arrasateko santamasek?
Bada, duela 20 urte inguru elkar ezagutu genuen lagunak batzen garen eguna da, urteroko hitzordua. Futbolak eman digun gauza on horietako bat.
10. Munduko Txapelketako sari banaketan, Iker Casillas taldekideak kopa pasa behar dizun momentuan esnatu egin zara...
Ez da, bada, bete nahiko nukeen ametsa [Barre]. Gure selekzioa, orain momentuan, Munduko Kopa jokatzetik urrun ikusten dut.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Beste gauza askoren artean, Euskal Herriko lurralde guztiekin harremanak estutzen ahaleginduko nintzateke, baina kolpean esateko... Dena dela, ez dut nire burua lehendakari moduan ikusten, baina lehendakari izatera iritsi diren beste zenbait ere ez ditut oso fin ikusten".