Azken komunikazioaren arabera, joan den eguaztenean egun osoa egin behar izan zuten Iñurrategik, Zabaltzak eta Vallejok utzita dagoen eraikin zahar batean, denboraleagatik babesteko. Hain zuzen, garai batean radar estazio izan zen hori izango da bidean aurkituko duten eraikin bakarra.
Eguenean hobera egin zuen eguraldiak, eta bi egunetan behe-laino itxi baten konpainian 100 kilometro egin ahal izan zituzten. Zapatuan, baina, haizea erabat baretuta zegoela esnatu ziren, eta hori ikusita atseden hartzeko erabakia hartu zuten. Domekan, baina, aurrera egin behar, haizearen laguntza barik; hala, trineoetatik tira eginez 20 kilometro egin zituzten, eta eguneko azken orduan, haizea apur bat altxa zenean beste 12 kilometro egin zituzten, horiek kometen laguntzarekin.
Lehenengo astearen gogortasuna
Bat Basque Team Desafioa taldeko ordezkariek espedizioaren gogortasuna azpimarratu dute: "Batez ere lehenengo egunak izan ziren gogorrak, haize gabe aurrera egin behar izan genuelako. Orain 100 kilometro inguru egiten ditugu egunean, eta batezbesteko ona da. Aurrerantzean, baina, haizea aldeko izatea espero dugu".
Hotz galanta, eta kometei tira egingo dien haize falta. Horiek dira, oraingoz, espedizioko kideek aurkitu dituzten zailtasun handienak. Baina, moralki indartsu daude hirurak.