'Team Academy' proiektuaren hirugarren urteurrenean, 90 ekintzaile bildu ditu MUk

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko maiatzaren 30a

Ekintzailetasun kultura bultzatzea du helburu proiektuak eta kooperatibismoa berrindartzea ere nahi du ‘eginez ikasteak’ duen garrantzia kontuan hartuta. Garaian izan direnek aukera izan dute Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduko ikasleek sortutako sei enpresak eta euren proiektuak ezagutzeko.

Mondragon Unibertsitateak, Team Academy ekintzailetasun unitate finlandiarrarekin batera 90 pertsona bildu ditu Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Helburua hauxe izan da: ekintzailetasuna bultzatzea eta erakustea posible dela nork bere etorkizuna lantzea norberaren proiektuak abiarazita. Ametsen ekaitza da ekimenaren izena eta aurtengoa antolatzen duten laugarren aldia izan da. Bertaratutakoei erakutsi zaie jarrera aktibo batekin nork bere proiektua gauzatzea edo enpresa sortzea, egin daitekeen zerbait dela.

Sei enpresa

MUk Team Academy proiektua martxan jarri zuela hiru urte pasa dira eta denbora horretan guztian abiarazi diren ekimenen berri eman du Lander Beloki enpresagintzako dekanoak. Esan du gaur arte sei enpresa sortu dituztela ikasleek, eta horien artean 100 proiektutik gora jarri dituzte abian. Guztira, 200. 000 euro fakturatu dituzte.


Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza Graduko sei enpresetako sortzaileak bertan egon dira gerturatzen zirenei euren proiektuen azalpenak emateko. Sei enpresa horietako bi Oñatin sortutakoak dira: Snatu eta Jump In enpresak. Beste laurak Irunen sortutakoak dira: Ego, Smart Way, Ta Zeba Ez eta Akkua enpresak, hain zuzen.

Ta Zeba Ez enpresakoek azaldu digute eurek momentu honetan hiru lan ildo nagusi dituztela: Txori Gorri izeneko edari energetikoaren marketina Hego Euskal Herrian, coaching-a eta kirola lotzen dituzten proiektuak eta ingurugiroaren alorrean kokatzen den Landazale proiektua. Ego izeneko enpresako kideek bizikleta garbitzailearen berri eman digute, besteak beste.

Gazte ekintzaile horien guztien helburua da eurendako lan egitea eta pixkanaka-pixkanaka badoaz bide propioak egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak