Parte-hartze prozesuaren emaitzen berri eman zuen Mari Paz Larrunbidek, Etxebizitza sailburuordeak, eguaztenean Bilboko Euskalduna Jauregian. Bere hitzetan, "kopuru nahiz kalitate aldetik interesgarriak" dira jasotako 188 proposamenak.
Etxebizitza Sailaren esanetan, parte-hartze maila "handia" izan da eta herritarrek ezagutza-maila "ertain-altua" erakutsi dute gaiaren inguruan.
Interes handiena piztu du etxebizitza publikoaren derrigorrezko desjabetzeak. Parte-hartzaileen %85 hainbat kasutan etxebizitza publikoa desjabetzearen alde agertu da, adibidez, baimenik gabe eskualdatzen bada, etxebizitza zaindu eta mantentzeko betebeharra urratzen bada, inolako kausa justifikaturik gabe etxebizitza hutsik badago, etxebizitza ez bada erabiltzen ohiko etxebizitza gisa, behar baino gehiago okupatu bada edo diru-sarrera gehiegi jasotzen bada.
Alokairu-kontratuen erregistroa sortu
Etxebizitzak zaharberritzearen eta banatzearen kudeaketari dagokionez, hamar pertsonatik ia 9k esan dute jabeen %50 baino gehiago ados daudenean eraikina zaharberritzearen alde daudela.
Bestalde, inkestan esku hartu duten pertsonen gehien-gehiengoa (%84) Hiri-finken Alokairu-kontratuen Erregistroa eratzearen alde agertu da. 10etik ia 8 ados daude kontratuen alokairu-fidantzak Eusko Jaurlaritzan jartzearekin.
Parte-hartze prozesua euskal herritarrek Etxebizitzaren Euskal Legearen Aurreproiektuari buruz dituzten iritziak eta iradokizunak jasotzeko egin da. Inkestan esku hartu duten gehien-gehienei (%92) iruditu zaie parte-hartze prozesua "oso interesgarria" edo "interesgarria" dela.
Webgune berritua
Bestalde, Etxebidek bere webgunea berritu du eta erabilgarri dago, ohiko web helbidean, hemen. Gaur eguerdian dira ofizialki aurkeztekoak.