Zer aurkituko dugu diskoan?
Mundu hobea edukitzea posible dela ikusteko, adibide bat; jendea zoriontsuago egiten duen disko bat. Positibotasuna aldarrikatzen dugu, oraindik arazo unibertsal asko dago: guduak edo Sálvame Deluxe, adibidez. Musika alaia eta freskoa, hala esaten digute diskoa entzun eta kontzertuetara datozenek; ez dakigu zergatik, baina neskei asko gustatzen zaie gure musika. Kar-kar.
La primera paz mundial jarri diozue izena diskoari; zergatik?
Ondo dago izenburu bezala, gure abesti baten izena da eta asko gustatzen zitzaigun. Gudu epe asko izan da historian, baina mundu osoko bake eperik ez da izan oraindik. Musikak mundua hobetzen duela pentsatzen dugu; diskoa horren adibidea da.
Obama Bakearen Nobel saridunak huts egin duela diozue.
Ez dugu Obamagatik soilik esaten, kontzeptu orokorra geneukan buruan. Baina egia da Obamaren gizonek Bin Laden hil zuten egunean guk diskoa jaso genuela.
Letra zuzenak erabiltzen dituzue.
Bai; letrek garrantzi handia daukate. Laukoteko hiruk konposatzen dugu eta zenbait diferentzia ager daitezke. Batzuetan poetikoagoak dira, bestetan ipuin laburrak. Beti saiatzen gara, hala ere, umoretsuak diren abestiak sartzen, dibertitzen saiatzen gara konposatzerakoan. Ez zaigu gustatzen beti negarrean dauden musikariak, edo euren buruak oso serio hartzen dituzten horiek.
Gato Negro abestian Edgar Allan Poe omendu duzue.
Musikaz gain, beste erreferentzia batzuk ere baditugu. Idazterakoan, musikaz gain, irakurtzen duzunak edota ikusten duzun pelikulak edo telebistako edozein edukik ere badute eragina. Poeren girotzeko abilezia bakarra da. Haren ipuinetan sumatzen den giro ilunean imajinatzen genuen katu beltz hori.
Ongi eramandako betaurreko beltzekin eta jarrera egokiarekin maitasuna lor daiteke?
Noski, maitasuna eta beste gauza asko; jarrera egokiarekin lor daitezke, nahiz eta askotan oso zaila dela pentsatu. Hemen ere positibotasuna daukagu, lehenengoan lortzen ez bada, aurrera, makurtu gabe.
Bluesarekin ere ausartu zarete.
Bluesarekin oso eroso sentitzen gara. Taldea osatu gabe geneukanean, elkartzen ginenean bluesa jotzen genuen. Oraindik kaxatan dauzkagu abesti propioak! Bluesa barruan daramagu.
Los Rodriguez, Calamaro, Tequila…zer dira zuendako?
Talde garrantzitsuak dira guretzako. Horien abestiak jotzen genituen; baita Loquillo, Burning eta Gabinete Caligarirenak. Suposatzen dugu hori derrigorrez nabarituko dela. Askotan konparatu gaituzte eta gu gustura! Gure musika entzun nahi duenak www.myspace.com/therocksifrediband.com helbidean dauka aukera.
Umorearen eta rockaren nahasketa
"Rock & rolla egiteaz aparte, musika estilo hori bizitza estiloa ere badela frogatzen duen taldea da The Rock Sifredi Band. Estiloa zaharra da, ez dute ezer berrik egin, baina zertarako? Lehen abestitik diskoa amaitzeraino dantzan jartzen zaituen diskoa da La Primera Paz Mundial. Musika dantzagarria eta umorez beteriko letrak dira talde honen errezeta bakarra. Diskoan erraz antzeman daiteke Tequila, Los Rodriguez edo J. Teixi Band taldeek The Rock Sifredi Band-en eragin handia izan dutela eta baita ere, Rolling Stones edo The Doors taldeak. Rockaren iturri handietatik edan dute eta abestiak egiterakoan ez dute kalerik egin. Talde donostiarrarena egun aspergarrietan alaitzeko diskoa da".
Ander Monedero