Badator Kantari; eman izena

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko mai. 30a, 12:03

Debagoienean bizi bazara, 1999 eta 2003. urte artean jaio bazinen eta euskal kantuak abestu eta dantzatzeko prest bazaude, animatu eta eman izena Kantari karaoke ikuskizunean. Gaur, astelehena, zabaldu dugu izena emateko epea eta egubakoitza, hilaren 3a, izango da azkeneko eguna. Ez hutsik egin; aurten ere, zatoz gurekin kantari!

Udazkenean egingo dugu karaoke saioa, aurten hirugarren aldiz, eta bailarako herrietako gaztetxoak kantuan eta dantzan jarriko ditugu beste behin. Herriz herri joango gara Kantarirekin bazterrak alaitzera; beraz, gure abestiak dioen moduan: "Ez geratu begira, batu gure artera, herriz herri kantari, bazterrak alaitzera".

Eman izena

Izena emateko epea gaur, astelehena, zabaldu dugu; ekainaren 3a, egubakoitza, izango da azkeneko eguna.

Izena emateko hiru aukera egongo dira: zuen eskoletan banatu ditugun eskuorrien bitartez, Goienako edozein egoitzatan izena emanda edo Internet bidez www.zugaz.com helbidean.

Gutxienez hiru laguneko eta gehienez bost laguneko taldeak osatu beharko dituzue eta abestiak zozketa bitartez banatuko ditugu.

Berrikuntzak

Aurtengo dantzei dagokienez, berrikuntzak izango ditugu. Maite Albes aurreko urteetan Kantarin ibilitako dantza irakasle ezagunarekin koreografia bideoak grabatuko ditugu eta bertan pausoak azalduko dizkigu modu dibertigarrian. Bideo horiek Internetera igoko ditugu eta gaztetxook modu errazean bertatik dantzak ikasiko dituzue.

Kantu berriak ere gehituko ditugu aurtengo karaoke ikuskizunera. Hauek, besteak beste: Ken Zazpiren Hel nazazu eskutik eta Itsasoa gara, Betagarriren Bizitzari txistuka eta Sweet Mary, Lainen Itxaropen hautsien kaxa, Gatiburen Prest, Gariren Zaharra zara Bilbo, Fermin Muguruzaren Urrun, Goienaren Komunika edota Pirritx eta Porrotx pailazoen Irrien lagunak.

Dibertitzeko gogoz

Aurreko urteetan bezala, parte hartzea eta ondo pasatzea izango da garrantzitsuena. Beraz, kantatzen eta dantzatzen dibertitzeko gogoa baduzu, hartu parte Kantarin; lagunekin eta Amaia Txintxurreta aurkezlearekin  batera esperientzia ahaztezina bizi izango duzu. Ikuskizunak Arrasateko, Oñatiko, Bergarako eta Aretxabaletako aretoetan egingo ditugu, ohi bezala, eta bertan, herri guztietako ume eta gaztetxoek hartuko dute parte. Gero, Goiena telebistan emango ditugu emanaldi horiek guztiak ikuskizunekin etxetik ere gozatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak