2002. urtean galdutako ohitura berreskuratu eta berriz ere elkartu dira 1958 eta 1964 urteen artean Arrasateko Eskola Profesionaleko ikasle izandakoak eta irakasle izan zituztenak. Industria maisutza, ofizialtza eta delineatzaile ikasle izan zirenendako zen hitzordua, eta aukera zuten 90 ingurutik 65-batek erantzun diote deialdiari. Eta hauekin batera, hamazazpi irakasle ohik: hain justu ere, hauek omentzeko helburuarekin –eta baita guztiak elkartu eta batera egun eder bat pasatzekoarekin– antolatu dute egun-pasa ikasle izandakoek.
Meza entzun dute aurrena; hamaiketakoa egin gero; Arrasaten barrena ibilalditxoa egin ondoren Garaiako MUren eraikin berrian aurreskua egin diete dantzariek; instalazio berriak, gainetik bada ere, ezagutu eta betikoetara, unibertsitateko areto nagusira. Han, Bixente Atxa Eskola Politeknikoko egungo zuzendariak eta Josu Zabala MUko errektoreak azaldu diete zertan den garaiotan martxan jarri eta urte batzutara –1943an sortu zen Eskola Profesionala– eurak protagonista izan zituen proiektu hura. Bedoñan bazkaria eginaz jarraitu dute jaiarekin, eta arratsaldean Gure maisuak gogoratuz izeneko liburua –Anton Elorza ikasle ohiaren gidaritzapean egin dute– aurkeztuz amaitu.
1964. urtean ikasketak amaitu eta hemezortzi urtera, 1982an, hasi zen ikaskide talde hau ospakizuna egiten, eta zintzo egin izan zuten hainbat urtez, lau urtean behin. Orain, ohitura berreskuratuta, jarraitzeko asmoa dute; lehengo martxara egokitzeko, hiru urte barru egingo dute hurrengoa, 2014an.