Hezkuntza Saileko langileen soldataren %97,5 aitortu zaie azpikontratatutako jantoki eta office-ko langileei. Berdinketa hori 2013-2014 ikasturterako utzi dute. Bestetik, ikasturte baten ordaindutako 12 ordu eduki ahalko dituzte langileok baimen gisa.
Ostalaritza enpresek diote bitartekaritza ontzat ematea "erabakigarria" izan dela aurre-akordioa lortzeko.
Gehiago kobratuko dute
Aurre-akordioak atzeraeragina duten soldata igoerak ere batzen ditu: 2008-2009 ikasturterako, %3,7 gehiago kobratzea, eta 2009-2010 ikasturterako, %1,97. Datozen ikasturteotan, soldata apurka-apurka handitzen joango zaie, eta 2013-2014 ikasturtean, %97,5an berdin kobratuko dute azpikontratatutako langileek eta kategoria berdina edo homologatua duten Hezkuntza Saileko langileek.
Aurretik negoziatu zituzten zenbait puntu ere berresten ditu aurre-akordioak, tartean ikasturte bakoitzean lan-jarduera 18 ordutan handitzea, dagokiona kobratuta.