EAJ: "Odon Elortza ez da Donostiako alkate izango"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 26a

EAJk Gipuzkoan bere egitasmoak aurrera eroango dituela esan du, izan "gobernuan ala oposizioan". Eta ez du argitu zer egingo duen. Denekin batzeko eta egitasmoak eztabaidatzeko prest agertu da. Baina bai laga du garbi Elortza ez dela izango berriro ere Donostiako alkate.

Joseba Egibar GBBko buruak, Markel Olano EAJren ahaldun nagusigaiak eta Eneko Goia Donostiako alkategaiak eman zuten Gipuzkoako EAJren iritzia atzo, hauteskundeak izan eta hiru egunetara.

Gipuzkoako EAJk, era berean, argi utzi du ez dagoela aldez aurretik inor baztertzearen alde, modu honetan PSE-EEk eta PPk aurreko egunetan egindako proposamenei erantzunez. Bestalde, EAJk ez du baztertzen Markel Olano diputatu nagusi izatea, Bilduk, Gipuzkoan irabazi duen koalizioak, baino 8 batzarkide gutxiago lortu dituen arren. "Gobernuan ala oposizioan lanean" segituko dutela esan zuen Egibarrek.

Bilduk "izugarrizko emaitza onak" lortu dituela onartu du Egibarrek, baina, era berean, esan du koalizioaren emaitza on horien arrazoia ez dela izan hauteskundeetarako aurkeztu duen programa, baizik eta ireki den prozesu berriari emandako botoak izan direla.

Azkenik eta esan bezala, Eneko Goiak argi utzi du Odon Elortza ez dela izango Donostiako alkatea, baina ez dun argitu PSE-EEko beste norbait izan daitekeen edo ez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak