Hauteskunde osteko erreakzio eta itunak gaurko Goiena Telebistako Tertulia saioan

Jon Berezibar 2011ko maiatzaren 25a

20:45ean hasiko da Emakumeen Tertulia Goiena Telebistan gaur • Hauteskunde biharamunetan ibarreko zerrendetako bi kide izango dira hileroko Tertulian gaur: Aretxabaletan Bildutik bigarren joan den Lore Martinez eta Bergarako EAJko alkategai izan den Aintzane Oiarbide. Haiekin batera Larraitz Ugarte abokatua eta Marijo Deogracias kazetaria egongo dira Monika Belastegik gidatutako solasaldian. Guztiek zoriondu dute Bildu lortutako emaitzengatik baina, aldi berean, guztiek onartu dute ez zutela halako tamainako "olaturik" espero. Saio osoa gaur Goiena Telebistan.

Hauteskunde osteko erreakzio eta itunak izango dira gaurko solasaldiaren hizpide nagusia eta alderdiak alderdi, guztiek hartu dute ahoan Bilduren garaipena.

Larraitz Ugartek ikuspegi historikoa ez galtzeko eskatu eta gogorarazi du orain hiru aste besterik ez, Bildu legez kanpokotzat jotzeko zeudela eta ondorioz 313.000 herritarren botuak kanpoan uzteko gertu. Martin Garitanok egin bezala, abokatuak ere "magikoa" berba erabili du gertatutakoa laburbiltzeko eta herritarren botua "Estatuari emandako belarrondoko baten moduan" baloratu du. Aintzane Oiarbidek ez du ezkutatu Bilduk jasotako emaitza hain onek harritu dutela nahiz eta "olatua" bazetorrela jakin. Protesta eta erreakzio botua ere izan dela aipatu du EAJko Bergarako zinegotzi berriak. Lore Martinezek gurago izan du protesta barik "ilusio" hitza erabili. Marijo Deograciasek, azkenik, Bilduri emandako babes handia nabarmendu du eta azpimarratu gure ibarrean garbi geratu dela abertzaleena eta ezkertiarrena dela gehingo eta PP eta PSOEren estrategiak azkenean nahi zutenaren kontrakoa lortu duela.

Tertulia osoa ikusgai, gaur 20:45ean Goiena Telebistan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak