Aurreko urtearekin alderatuz zertxobait behera (%2,76) egin badu ere (12.892.010 eurokoa izan zen 2010ean), egungo koiuntura kontuan hartuta, "oso zenbaki baikorrak" dira, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordearen esanetan.
"Sekulako ahalegina egin dugu euskararen sustapenera bideratutako diru-laguntzei eusteko eta lortu dugula esan daiteke, %2,76ko jaitsi baita bakarrik aurrekontuetan. Oso zenbaki baikorrak dira eta orain gure egitekoa da kopuru horiek ahalik eta hobekien kudeatzea", esan du Auzmendik Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan.
Datorren urtean, aldaketak
Auzmendik hitz eman du datorren urtean diru-laguntza eskatzeko deialdia urtarrilean egina egongo dela. "Garai berrietara egokitzen jakin behar du euskarak eta zentzu honetan gaur aurreratu nahi dut hurrengo urteko aurrekontuen diseinuan jada lanean ari garela. Aldaketak datoz, eta aurten hasitako norabide honetan jarraituko dugu lanean", azaldu du.
Horrela, euskal eragileekin hainbat bilera egin ondoren, "ondorio garbi bat" atera dutela nabarmendu du Auzmendik, alegia, etorkizuna sarean eta informazio eta komunikazio teknologietan dagoela. "Beraz, gure diru-laguntzak ere errealitate horren ispilu izango dira", gaineratu du.
Orotara, bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 53.055.028 euroko aurrekontua dauka euskararen normalizaziora bideratzeko. Aurrekontu horretan sartzen da helduen euskalduntze eta alfabetatzera bideratutako diru-saila. Une honetan, diru-laguntza hauen ebaluaketa egiten ari dira, praktika onak ezagutu eta aurrerantzean proiektuen eraginkortasunik ahalik eta handiena bilatzeko helburuarekin.
Bost lerro
Diru-laguntzak bost lerrotan banatuta emango dituzte:
- Euskalgintza.
- Hedabideak.
- Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT).
- Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (EBPN).
- LanHitz.
Euskalgintza deialdian, jendartean euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko diru-laguntzak sartzen dira (Bego Muruagak gidatzen duen Euskara Sustatzeko zuzendaritza) Euskalgintzari dagozkion diru-laguntzetara 1.280.000 euro bideratuko dira. 2010ean 190 proiektu lagundu ziren diruz.
Laguntza mota honen hartzaileak euskararen erabilera gizartean oro har sustatzeko egitasmoak bultzatzen dituzten erakunde pribatuak dira. Azken batean, lerro honen helburua da euskararen erabilera sustatzeko ekimenak diruz laguntzea. Izan ere, deialdi honetara aurkezten diren proiektu gehienek, guztiek ez esatearren, diru-laguntza publikoen beharra dute. Lankidetzan aurkezten diren proiektuei lehentasuna emango zaie. Hala, proiektu mota horiei 10 puntu emango zaizkie -puntuazio gorena 100ekoa da-.
Hedabideak deialdian euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak sartzen dira, eta diru-saila 5.480.000 eurokoa da. 2010ean 117 proiektu lagundu ziren diruz. Diru-laguntza lerro honen hartzaileak hedabideen jabe diren erakunde pribatuak dira. Helburua da euskarazko hedabideak sendotzea eta, oro har, euskararen presentzia indartzea hedabideetan.
Era guztietako hedabideak sartzen dira deialdi honetan: irratiak, telebistak, egunkariak, aldizkariak, webguneak. Adibide gisa, hona hemen batzuk: euskara hutsezko prentsa, euskara hutsezko aldizkariak, gaztelaniaz dauden baina euskarazko gehigarriak dituzten egunkariak, euskaraz ari diren irratiak, euskaraz emititzen duten telebistak, internet bidezko hedabideak eta berri agentziak, eta abar.
Lanhitz deialdian, entitate pribatuek eta zuzenbide publikoko korporazioek Euskadin dituzten lantokietan 2011n euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko diru-laguntzak sartzen dira, eta 2.400.000 euro bideratuko dira. 2010ean 161 proiektu lagundu ziren diruz.
Diru-laguntza hauek, EAEn lantokiak dituzten entitate pribatuen lehen erabilera-planaren diseinurako eta kudeaketa-planerako erabiliko dira. Entitateak lehen euskara-planaren diseinurako laguntza eska dezake, lehendik laguntzarik jaso ez badu, ez diseinurako, ez kudeaketa-planerako. Lehen euskara-planaren diseinua aurkeztuz gero, urteko kudeaketa-plana ere aurkeztu beharko du entitate eskatzaileak.
Informazio eta komunikazio teknologiak
IKT-en deialdian, sektore horretan euskara sendotu, garatu edo normalizatzeko diru-laguntzak emango dira, eta 1.576.000 euroko aurrekontua bideratuko da. 2010ean 202 proiektu lagundu ziren diruz. Informazioaren eta Komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazioak garatu eta euskararen presentzia interneten indartzen duten erakunde pribatuak dira diru-laguntza honen hartzaileak.
2011ko IKT diru-laguntza deialdian, aldaketa nagusi bat sartu da egituraren aldetik. Iaz arte bost multzotan banatzen ziren egitasmoak, baina bost multzo horien artean hazkunde nabarmena izan duen bat identifikatu da: softwarea euskaratzeko edota euskarara lokalizatzeko egitasmoena. Hori dela eta, eta mugak gainditze aldera, bi multzo bakarrik ezarri dira oraingoan: lehenengoa euskarazko atari edo webguneak eta interneterako eduki berriak laguntzeko, eta bestea, sofwarea euskaratzeko edota euskarara lokalizatzeko egitasmoendako. Berregituraketa honen bidez egun dauden premiei hobeto erantzun nahi zaie.
Hortaz, laguntza-modalitate bat euskarazko atari eta webguneek edo interneterako euskarazko eduki berriek osatuko dute. Talde honetarako 876.000 euro erabiliko dira; beste laguntza-modalitatea softwarea euskaraz sortzeko edo euskarara lokalizatzeko egitasmoek osatuko dute, eta horretarako 700.000 euro erabiliko dira.
Lehenengo modalitatean baldintzak batzuk bete behar dira, hala nola euskarazko atari eta webguneek zerbitzu anizkoitzak eskaini beharko dituzte, eta etengabe eguneratzeko plangintza eduki beharko dute, bai eta gunea ezagutarazteko proposamena ere. Euskarazko eduki berrien kasuan, horiek zabaltzeko edo ezagutarazteko proposamena zehaztuko da. Gainera, webguneek agerian edo ezkutuan egongo den bisita-neurgailua eduki behar dute.
Beste multzoko egitasmoek interneten kokatzeko edo publiko zabalarentzako eskuragarri egoteko moduko plan jakina izan beharko dute nahitaez.
Euskara biziberritzeko plan nagusia
Azkenik, EBPN deialdian, EAEko toki-entitateetan EBPN garatu edota entitateotako administrazioetan euskararen normalizatzeko planak onartzeko diru-laguntzak sartzen dira, eta 1.800.000 euro zuzenduko dira. 2010ean 146 erakunde lagundu ziren diruz. Diru-laguntza lerro honen onuradunak EAEko udalak eta udal erakundeak dira. EBPN abian jarri eta urteko kudeaketa-plana gauzatzea du xede.
Patxi Matinez de Marigorta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariaren esanetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak "zinez" uste du euskarak toki entitateen administrazioaren barruan zein kanpoan "oraindik bide luzea" egin behar duela eta, euskararen legeak dioena betetzen joateko, ezinbestekoa dela berak bai deialdiaren bidez eta bai bestelako baliabideen bidez ematen duen bultzada.
"Udaletako hizkuntza politikan, ohiko ekintzetatik haratago joan nahi du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Hori dela eta, EBPNaren barruko esparru jakin batzuen inguruan bideratutako egitasmo batzuk lehenetsi ditu aurtengo deialdirako EBPNaren kudeaketa-planaren bidez gauzatzen den toki entitateen hizkuntza politika eraginkorragoa egiteko asmoz. Bi aukera daude: bata da hedadura handia eta biztanle gutxi duten mankomunitate eta koadrilentzat; bestea, 5.000 baino biztanle gutxiago eta euskaldunen portzentajea 70etik gora duten toki entitateentzat", azaldu du.