Maiatzaren 7ko manifestazioaren debekuari buruz, eragileek diote Espainiako Auzitegi Nazionalarentzat legezko dela "beraien legeak urratzea", baina legez kanpokoa urraketa horiek salatzea.
Eragileek adierazi zuten "errepresio ororen gainetik" presoen eskubideen defentsan jarraituko dutela, mobilizazio eta ekimen gehiago deituz. Presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzen duen maindirea ahal beste lekutan jartzera deitu dituzte herritarrak, eta baita egubakoitz honetako, hilak 27, bilkurara. Arratsaldeko 19:30ean izango da, plazan.
Arrasateko Amnistiaren aldeko mugimenduko kideek ere hartu zuten hitza agerraldian. Maiatzaren 7an Ertzaintzak izandako jarrera salatu zuten: deitzaileek debeku ohartarazpena jasota, manifestazioa bertan behera utzi eta Biteri plazan bilkura egitea erabaki ostean, Ertzaintza hasi zela "hitzegiteko aukerarik eman gabe jendea jipoitzen eta atxilotzen". Nori jo berdin ziela ere salatu dute: "Andre helduak lurrean ikusi genituen". "Lurrean eserita eta era baketsuan" egiten ari ziren bilkura "indarrez sakabanatu" izana salatu dute.
Konponbide demokratikoaren bidean aukerak aprobetxatzera eta urratsak ematera deitu zituzten bi estatuak, presoen eskubideak errespetatzera, besteak beste. Euskal presoekiko espetxe politika edozein egoeratan dela "onartezina", baina orain "are okerragoa" dela diote, eta dei egin diete herritarrei presoen eskubideen aldeko aldarrikapenean jarrai dezaten.