Espainiako Gobernuak automobil elektrikoak bultzatzeko plan integralaren barruan dago deialdia, 2010-2012 aldirako planean, hain zuzen ere.
Salneurriaren %25
Laguntzak eskatzeko baldintzak hauek dira: ibilgailua berria izan behar da eta elektrizitatez hornitu behar dira guztiz edo zati baten; turismoak, furgonetak, autobusak, furgoiak, motozikletak eta lau gurpiletakoak izan daitezke; pertsona fisikoek, pertsona juridikoek eta administrazio publikoek eska ditzakete laguntzok; eta dirulaguntza izango da fakturan agertzen den zerga aurreko salneurriaren %25.
Ibilgailuak duen burujabetza elektrikoaren arabera, handiagoak edo txikiagoak izango dira dirulaguntzak. Hala, 15 eta 40 kilometro arte egin baditzake bakarrik baterian gordetako elektrizitatearekin, 2.000 euro eska daitezke; 40 kilometro baino gehiagoko eta 90 kilometro arte egin baditzake, 4.000 euro; eta 90 kilometrotik gora egin baditzake soilik energia elektrikoa erabilita, 6.000 euro.
Saltzaileari eskatu
Nahi duten saltokiek emango dute deskontua egiteko aukera. Onuradun izateko, saltzaileari esan behar zaio, eta hark kudeatuko du dirulaguntza eskaria, sistema elektroniko baten sartuta.
Dokumentazio jakin bat ere eman behar da. Eskariak egiten diren ordenan atendituko ditu Industria Ministerioak.
Dirulaguntzen gaineko erabakia hiru hilabeteko epean hartu beharko da. Edozein modutan, onuradunak ibilgailua erosi eta matrikulatu duela justifikatu beharko du, 2012ko maiatzaren 31 baino lehen. Orduan jasoko du dirulaguntza.