Txakurrendako ile-apaindegi ibiltaria

Arritxu Barruso 2011ko maiatzaren 23a

Furgoneta bitxia topatu genuen joan den astean Bergaran, Poligonoko aparkalekuan aparkatuta. Ariane de la Fuente ermuarrak txakurrendako ile-apaindegi bihurtu du furgoneta.

Hiru urte daramatza bere furgoneta bereziarekin hara eta hona eta oso pozik dago hartutako erabakiarekin: "Txakurrendako ile-apaintzaile izateko ikasketak egin nituen, Bilbon, eta, hainbat ile-apaindegitan lanean ibili ostean, nire negozio propioa irekitzea erabaki nuen. Bartzelonan nirea bezalako furgoneta bat ikusi nuen behin, eta hortik hasi zen guztia", kontatu zigun Txiki-ri ilea mozten zion bitartean.

Ezin herri guztietara iritsi
Ermuan, Eibarren eta Durangaldean lan handia egiten du De la Fuentek, eta Debagoienean, Elgeta, Antzuola eta Bergarara etortzen da. Zerbitzua leku gehiagotara zabaldu nahiko luke, baina, oraingoz, ezinezkoa zaio: "Pena ematen dit, baina, oraingoz, ezin naiz herri gehiagotara joan; ezin dut bezero gehiagorik hartu. Neguan lasaiago ibiltzen naiz, baina uda iristen denean ezingo nieke guztiei erantzun. Jendeak esaten dit beste furgoneta bat ipintzeko martxan, baina horrek ekarriko luke beste pertsona bat kontratatzea, eta ezagutzen nauen jendeak nahi duena da nik orraztea euren txakurra. Oraingoz, behintzat, horrela izan beharko du".
Egunean bost edo sei txakurri mozten die ilea. Bergarara etorri aurretik Eibarren eta Ermuan egona zen, eta Txiki-rekin amaitu ostean Ermuan beste txakurtxo bat zuen zain.

Herri txikiendako soluzioa
Herri txikietako biztanleek asko eskertzen dute De la Fuenteren furgonetak eskaintzen duen zerbitzua: "Bestela, hiriburu batera joan behar dute, eta horrek denbora luzea galtzea dakar. Bezeroarekin bere etxetik gertu egiten dut hitzordua, txakurra batu eta aparkaleku batera joaten naiz. Ni txakurrarekin nagoen bitartean, bezeroak bere lanak eta gauzak egiten jarrai dezake". 
Txakurrez gain, katuak ere apaintzen ditu De la Fuentek Cuatro Patas furgonetan. Lau gurpilen gainean, lau hankakoak dotore-dotore ipintzen ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak