
Gipuzkoan Bildu izan da lehenengo indarra Batzar Nagusietarako: 119.084 boto lortu ditu (%34,65) eta 22 batzarkide. EAJ izan da bigarren indarra 80.838 botorekin (%23,52) eta 14 batzarkiderekin. PSE-EE-k 58.947 boto eskuratu ditu (%17,15) eta 10 batzarkide. Laugarren postuan geratu da Alderdi Popularra 34.210 botorekin (%9,95) eta lau batzarkiderekin. Azkenik, Aralarrek batzarkide bat lortu du 17.223 botorekin (%5,01).
Deba-Urola barrutian alderdi bakoitzak lortutako datuen arabera, zazpi debagoiendar egongo dira datorren agintaldian batzar nagusietan: Bildukoak lau (Martin Garitano, Andre Rodriguez, Mikel Biain eta Goizane Arana), EAJ-koak bi (Aintzane Oiarbide eta Ainhoa Galdos) eta Aralarreko bat (Rebeka Ubera). Araban, beste bat, Iñaki Nafarrate (EAJ).
Bildu "indartsu" sartu da
Ahaldun nagusi Markel Olanok emaitzen gaineko balorazioa egin zuen atzo gauean Diputazioaren egoitzan. Bildu Gipuzkoan "indartsu" sartu dela esan zuen: "Indartsu sartu da eta uste dut bizi dugun bake prozesuak eragina izan duela horretan". Gaineratu zuen pozik daudela EAJk Gipuzkoan indarra eta espazioa mantendu dituelako.
Bildukoak ere oso pozik agertu dira emaitzekin. Martin Garitanok adierazi zuen Atano III. pilotalekuan atzoko gaua "historikoa" zela ta Euskal Herria aurrera doala.
Deba-Urola barrutia
Gure barrutian, Bilduk lortu ditu 7 batzarkide; EAJk, 4; PSE-EEk, 2, eta Aralarrek 1.