Realak kategoria gal dezan hainbat karanbola eman behar dira, aukera handiak ditu mailari eusteko, baina hiru urte bigarren mailan egon ostean, berriro ere zulora itzultzeko aukera txikienak dardarka jartzen ditu zale gehienak.
"Bah, ez da horrenbesterako! Reala Lehenengo mailan geratuko da, seguru!", adierazi zuen realzale batek, baikor, Monte tabernan eguen goizean, sarrerak salgai jarri zituzten momentuan. "Bada, ni kaka eginda noa Anoetara.
Realak egingo duenaz gain, gertu-gertutik jarraituko dugu kontrario zuzenek egingo dutena", adierazi zuen ondoko lagunak.
Hamabos ordu Donostian...
Sarrerak erosteko eguaztenean Anoeta kanpoan zain egon zirenek hamabost ordu egin zituzten zain, baina ibarrean sarrera eskuratu zutenek ez zuten halakorik sufritu behar izan. Hori bai, gurean bazkideek zuten sarrera horiek erosteko eskubidea. Bergarako Deportivo tabernara 10 sarrera bidali zituen Realak: "Eta hegan egin dute". Arrasateko Monte tabernara, berriz, 40 sarrera.
09:00etan ireki zituzten tabernako ateak, eta ordu erdian saldu ziren denak: "Alabak bazkide dira, baina ni sarrera bila etorri naiz. Aurrekoan Zaragozaren kontrako partiduan sufritzea tokatu zitzaigun. Eta, zapatuan ere seguru beste horrenbeste egingo dugula, nahiz eta berdinketa batekin ere balio digun. Baina, Realak zaleon laguntza behar du, eta horregatik goaz", adierazi zigun, sarrera eskuan, Pauliño Arriolak.
Hala, gaur 20:30ak inguruan ibarretik hamabost autobus irtengo dira Anoetara bidean. Bergaratik sei irtengo dira, normalean baino autobus bat gehiago, eta Arrasaten ere normalean baino autobus bat gehiago jarriko dute, sei. Oñatin, azkenik, hiru autobus jarriko dituzte zaleendako.