Goienagusi elkartea sortu dute Esperientzia Eskolakoek

Mirian Biteri 2011ko maiatzaren 20a

Helburu zehatzarekin sortu dute Esperientzia Eskolako ikasleek Goienagusi elkartea: 55 urtetik gorako debagoiendarren artean formazio iraunkorra eta garapen pertsonala bultzatzea.  Dagoeneko Jaurlaritzan eman dute izena, eta orain egoitzak topatu nahian dabiltza, Arrasaten: bat 60 lagunendako eskoletarako, eta bestea, zuzendaritzaren batzarretarako

Arrasateko Udalarekin, Abaroarekin eta Helduen Hezkuntzarekin harremanetan jarri dira, baina oraindik ez dute gaia finkatu.

Elkarteko presidente Bizente Zugastik azaldu digu Esperientzia Eskolako ikasle ohiekin egongo dela osatuta elkartea; hain justu ere, gaur egungo Arrasate eta Bergarako Esperientzia Eskolakoekin. Mugabe elkartearen bidez urtebeteko formazioa jasotzen dute debagoiendarrek esandako eskoletan. Horri jarraipena emateko asmoz sortu da Goienagusi. Horren harira, Zugastik adierazi du Gipuzkoan, Donostialdean, Zarautzen eta Eibarren ere halako esperientziak jarri direla martxan, eta oso harrera ona dutela.

Formazioa eta aisialdia

Astean bitan izango dira eskolak.  Elkarteko kideei galdetuta, honako ikasgaiak lantzeko asmoa dute: bioetika, literatura, Euskal Herriko historia eta musika, besteak beste. Ikasturteak urritik maiatzera iraungo du, eta, esandako formazio saioez gain, bestelako ekimenak egiteko asmoa ere badute, hala nola hitzaldiak, kultura ekimenak eta irteerak. Hori guztiori aurrera ateratzeko, baina, egoitza behar dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak