1. Entsegu batetik atera berri harrapatu zaitugu. Zure ibilbidearekin, entsegu beharra oraindik ere?
Semeak lagunduta Anje Duhalderekin kantaldi batzuk egiten nabil, eta, emanaldien bezperan, dena finkatzeko errepasoa egiten dugu. Musikan denbora luzea eraman arren, serioski hartzen ditugu gauzak.
2. Bob Dylanek zenbateko errua du zu musikari izateko?
Maixua da, jeinua. Lehen diskoarekin ezagutu nuen; Hondarribian, muga ondoan bizita, Frantziako irratiak hartzen genituen eta musika berritasunak lehenago hartzen genituen.
3. Kantuak, haiek datoz ala bila joan behar da?
Biak. Picassok zioen inspirazioa etorriz gero izan zedila eskuetan pintzel bat izanda; gure kasuan, instrumentu bat. Atzetik joan behar duzu, eta etorri egiten da. Ez da askorik mitifikatu behar.
4. Nolakoa zaren zure kantu batek azaltzekotan, zein da egokiena?
Ez da erraza! Ibiltariarena, esango nuke; Joseba Gartziarena da letra eta nahiko ondo azaltzen du.
5. Europan hainbat jaialditan jo duzu. Musikak ez du mugarik?
Ez du inolako mugarik. Musikariok erabiltzen dugu hizkuntza erabat unibertsala. Hizkuntza ezberdina izan arren, musika tresna batekin gai zara elkar ulertzeko. Mugak goitik datoz.
6. Jaialdi bat aukeratzekotan?
Kalean jotzen egon naiz oso gustura. Gaztetan batez ere Ingalaterran ibili nintzen: kalean zaude, inork ezagutzen ez zaituen tokian, eta hori gozada hutsa da; batzuk geratzen dira, besteak ez. Jaialdi handiak beste muntaia bat dira.
7. Semearekin agertokian, izan duzu errietan hasteko tentaziorik ?
Ez, aita-seme arteko harreman oso ona dugu. Ez dugu frikziorik; ez agertokian, ez handik kanpo.
8. Kontzertuetan, zer ikusteak egiten du ilusio handien: betiko jarraitzaileak ala jende gazteak?
Entzule gazteak, jende berria etortzea atsegina da; baina baita betikoendako kantatzea ere, zure kantuak ezagutzen dituztenendako.
9. Musika dagoen moduan egonda, merezi du diskoa grabatzea?
Diskoak bi alde ditu: gauzak erakusteko modua da; baita salgai dagoen zerbait ere. Lehenengorako oso ondo dago; baina produkzioa garestia da eta ez da ezer saltzen. Zentzu horretan ez du merezi; gainera, Internetekin sarean jar dezakezu zure lana ezagutarazteko.
10. Iparraldea eta Hegoaldea, hain ezberdinak dira?
Izugarri. Iparraldea ondo ezagutzen dut; ama, adibidez, hangoa da. Hemen jendeak kantari eta telebista espainolak ezagutzen ditu; han, frantsesak. Horrek markatzen du ezberdintasuna. Euskara eta euskal kultura dira bitartekari.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Hori erabat ezinezkoa da, ez naiz sekula lehendakari izango. Egoera hori erabat absurdoa izango litzateke; ondorioz, baita erantzunak ere: Beatlesak nahi eta nahi ez orduoro entzun beharra egotea edo dirua egiteko makina asmatu eta dirua barra-barra banatzea. Horrelako gauzak esango nituzke, jakinda egoera erabat absurdoa dela".